Bilboko Konpartsak

Kapela Egunean hasiko dute konpartsek Bilboko Aste Nagusirako atzerako kontaketa

Egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 14rako. Azoka bat, dantzak, tailerrak, musika eta abestiak izango dituzte.

Bilboko Plaza Barrian aurkeztu dute Kapela Eguneko egitaraua. BERRIA
Javi West Larrañaga.
2022ko apirilaren 29a
12:38
Entzun

Jendetza batu da Bilboko Plaza Barrian maiatzaren 14an egingo den Kapela Eguna aurkezteko. Maiatzaren 12an kontagailu bat ipiniko dute azken ehun egunak zenbatzeko, eta hortik egun bira egingo dute jaia. Erdi Aroko kaskoak, piraten txapelak, lastozkoak, sorginenak eta papakha txanoak izan dituzte buruan konpartsakideek, eta bilbotarrak animatu dituzte haiekin ospatzera.

Gogoa «borborka» daukatela adierazi du Ioritz Varela kideak, eta, horregatik, aurtengo Aste Nagusia «benetan nagusia» izatea nahi dutela. Gogorarazi duenez, urte normaletan ere beste egitasmo batzuk izaten dituzte abuztuko jaiak baino lehen —«Txosnaganerako» mendi martxa, San Juan gaua eta Konpartsakide Eguna—, baina aurten gehiago nahi dute: «Aurtengoa ez da urte normala izango, Aste Nagusia berreskuratuko dugun urtea baizik». Horregatik erabaki dute urte honetan egun bat propio jartzea jaien etorrera ospatzeko.

Janzteko erraza den «erreferentziazko elementua» delako aukeratu dute txapela, eta parte hartzaileek egunean bertan erosi ahalko dute Plaza Barrian egingo duten kapelen azokan, edo txapelak egiteko tailerrean sortu, leku berean. 11:00etatik 14:00etara izango dute horretarako aukera, eta 12:00etan Kapela Lehiaketa egingo dute, sariak eta guzti. Dantzak ere izango dituzte, eta 14:00etan kalejira batekin girotuko dituzte Zazpi Kaleak. Kapelapoteo musikatua izena eman diote arratsaldean kalez kale egingo duten ibilbideari, eta 19:30ean egingo dute Bilbo Kantari kapelduna, Bolsatik abiatuta.

«Hartu etxean daukazuen kapela, txapel edo txanoa, edo bestela erosi aspaldi gogoan duzuen hori, eta animatu ospatzera Aste Nagusirako ehun egun bakarrik falta direla», adierazi du Nerea Matute kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.