Futbola

Realak Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortu du Rayori irabazita

Txuri-urdinek aise irabazi dute neurketa (4-0), Amaiurren hiru goli esker. Eibarrek berdindu egin du Vila-Realen aurka (1-1), eta ia ezinezko du Lehen Mailan mantentzea. Alavesek 2-1 galdu du Huelvan.

Amaiur Sarriegi, gaur sartu dituen hiru goletako bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 1a
15:04
Entzun

Asteburuak albiste gazi-gozoak utzi ditu euskal futbol taldeentzat. Berri ona Realak eman du, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortuta: denboraldi bikaina egin dute txuri-urdinek, eta merezi zuen moduan errematatu dute, maila galdua duen Rayori nagusitasunez irabazita (4-0). Berri txarra, berriz, Eibarrena: armaginentzat ezinbestekoa zen Unben Vila-Reali irabaztea maila mantentzeko aukerarekin jarraitzeko, baina ezin izan dute helburua lortu (1-1). Matematikoki badute aukera bat edo beste, baina ia ezinezkoa dirudi.

Realarentzat egun historikoa izan da igandea. Neskek lehen aldiz lortu dute Txapeldunen Ligarako sailkatzea, ustez erraza izan behar ez zuen denboraldi batean; udan hainbat jokalari garrantzitsu galdu zituen taldeak, baina aldaketak onerako izan zirela dirudi. Gaur, Zubietan, hiru gol sartu ditu Amaiur Sarriegik, eta bat Nerea Eizagirrek. Hasieratik amaieraraino izan dira nagusi txuri-urdinak.

Txapeldunen Ligarako sailkatzea orain arte egindako denboraldi bikainaren emaitza da, baina oraindik ere badu zerbait jokoan Realak: bigarren postua. Bi partida geratzen dira liga amaitzeko, eta donostiarrek gutxienez puntu bat behar dute bigarren postua ziurtatzeko. Hori lortzen badute, Txapeldunen Ligan kanporaketa bat gutxiago jokatu beharko dute.

Eibarrek, zaila

Denboraldia amaitzeko bi neurketa geratzen zaizkio Eibarri ere, eta sei puntura du salbazioa. Hogei puntu dituzte armaginek, eta 26 dituzte Valentziak eta Vila-Realek. Igandean Unben nahitaez irabazi behar zuten, borrokan jarraitu ahal izateko eta Vila-Real saltsan sartzeko. Irabaziz gero, saria bikoitza zen, baina, berdindu edo galduz gero, baita zigorra ere. Berdinketari esker, Vila-Real matematikoki salbatu da.

Gainera, neurketa ia osoan aurretik joan da Eibar. Kundananjik 28. minutuan sartu du etxekoen gola, eta Vila-Realek 85. minutura arte borrokatu behar izan du bere gola lortzeko. Ezbairik gabe, berdinketa mingarria eibartarrentzat. Mailari eusteko hurrengo bi neurketak irabazi beharko dituzte, eta, gainera, Valentziak biak galdu beharko ditu. Zaila, ezinezkoa ez esatearren.

Alavesek ezer gutxi jokoan

Azkenik, igandean jokatu duen beste euskal taldeak, Alavesek, 2-1 galdu du Sporting Huelvaren aurka. Mailari eusteko helburua betea dute arabarrek, eta, gaur, behar handien zuen taldea nagusitu da. Garaipenari esker, salbazioa lortu du Huelvak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.