Elx 1-1 Osasuna

Osasunari amaieran egin dio ihes garaipenak

Nafarrak 67. minutuan aurreratu dira Budimirrek penaltiz sartutako gol bati esker, baina 84.ean berdindu du Pere Millak. Geroz eta urriagoak dira Europarako txartel bat lortzeko aukerak.

Osasunako jokalariak Budimirren gaurko gola ospatzen. Kroaziarrak sei jardunaldiz jarraian sartu du gola. MANUEL LORENZO / EFE
2022ko maiatzaren 1a
19:20
Entzun

«Haserre goaz hemendik. Justua izan da berdinketa, baina ez dugu jakin jokalari bat gutxiago zuen aurkari baten aurka emaitzari eusten». Jagoba Arrasateren hitzak dira, gaur Elxen esandakoak, bere taldeak etxekoekin 1-1 berdindu ostean. Osasuna zazpigarren posturako lehian dabil, baina ia dena irabazi behar du horretarako eta gaur aukera ona galdu du Vila-Realengana eta Athleticengana gerturatzeko.

Parean Elx zuen, salbazioa ondo bideratua duten taldeetako bat. Errematatzea falta zaie ordea, eta helburu horrekin zelairatu dira gaur. Osasuna baino hobeto zelairatu ere: etxekoenak izan dira neurketako lehen aukera argiak. Ondoren, etenaldi batzuk tarteko, moteldu eta zikindu egin da neurketa. Futbol gutxi ikusi da lehen zatian.

Antzeko hasi da bigarren zatia ere, eta testuinguru horretan lortu du Osasunaren aldeko penaltia Budimirrek. Diego Gonzalez atzelariak inongo beharrik gabe eutsi dio kroaziarrari area barruan, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Budimirrek berak bidali du baloia sareetara, atezaina engainatuta. Seigarren jardunaldiz jarraian sartu du gola Budimirrek; Lehen Mailan hori lortu duen Osasunako lehen jokalaria da.

Ezer askorik egin gabe, dena alde zuen Osasunak. Elx, gainera, jokalari bat gutxiagorekin ari zen; lesioak tarteko, eta aldaketak agortuta zituztenez, horrela amaitu dute partida etxekoek. Jokoa, ordea, ez da errenta: 84. minutuan Pere Milla agertu da korner batean, lehen zutoinean, eta Elxi salbazioa eskura utzi dion gol bat eskuratu du.

Osasuna bederatzigarrena da sailkapenean, 45 punturekin. Vila-Real da zazpigarrena 52rekin, eta, atzo Atletico Madrili irabazita, Athletic zortzigarrena 51rekin.

Elx: Badia; Josan, Roco (Milla, 69. min), Verdu, Diego Gonzalez (Bigas, 70. min), Mojica; Kike Perez (Carrillo, 69. min), Guti (Gumbau, 41. min), Mascarell, Fidel (Tete, 45. min); eta Ponce.

Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz (Barja, 87. min), Manu Sanchez; Torro, Moncayola (Javi Martinez, 69. min), Brasanac, Torres, 87. min); Chimy Avila (Kike Garcia, 69. min) eta Budimir (Ruben Garcia, 75. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.