Frantziako Asanblearako bozak

Akordioa egin dute Berdeek eta Frantzia Intsumisoak Frantziako Asanbleako bozetarako

Frantziako Asanblearako bozetarako Batasun Popular Ekologista eta Sozial Berria osatu dute bi alderdiek. PS Frantziako alderdi sozialista eta PCF Frantziako alderdi komunista egunean zehar mintzatzekoak dira.

Jean Luc Melenchon, Frantziako Intsumisoko burua, lehen itzuliaren ondotik egindako agerraldian. MOHAMED BADRA / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 2a
10:15
Entzun

Ezkerra baturik aurkezteko lehen urratsa egin dute Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek. Atzo, maiatzaren 1ean egin zuten akordioa Frantziako legebiltzarreko bozetara elkarrekin aurkezteko. Programa bat finkatu dute zenbait neurriren itzulian adostuz; tartean dira gutxiengo soldata 1.400 eurora emendatzea, erretreta 60 urtetan hartu ahal izatea, eta VI. Errepublika eraikitzeko aldarria. Gaur mintzatzekoak dira PS Frantziako alderdi sozialista eta PCF Frantziako alderdi komunista.Oraingoz, Frantzia Intsumisoko bulegoan bilduak dira PSko ordezkariak. PCFeko delegazioa arratsaldean etortzekoa zen, baina azkenean arratsean bilduko direla erran dute.

«Momentu historikotzat» jo dute akordioa ezkerreko hainbat hautetsik, tartean Manon Aubry Frantzia Intsumisoko eurodiputatuak. «Gure ardura hartu dugu, batasun hori nahi genuelako eta [Frantziako presidentetzarako bozen] lehen itzulian itxaropena sortu delako», adierazi du France Inter irratian.

Presidentetzarako bozetan Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisokoa izan zen gehien bozkatutako hautagaietan hirugarrena, botoen %22 eskuratuta. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, eta ez du ezkutatzen parlamenturako hauteskundeen ondoren lehen ministro izatea gustatuko zitzaionik. Beraz, hautagaitza bat bateratzeko, aldebiko elkarrizketak sustatu zituen EELV Europa Ekologia-Berdeekin, sozialistekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.