Euskara eremu sozioekonomikoan

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk gida bat sortu dute, enpresetan «erantzukizun linguistikoa» lantzeko

'EEL Eredua'-k baliabideak eskainiko ditu «euskara indargune duen hizkuntza aniztasunaren kudeaketa aurreratua» enpresen sistema orokorrean txertatzeko. Klusterraren arabera, enpresa bakoitzaren ezaugarrietara moldatu ahalko da.

Soziolinguistika Klusterrak antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko argazki bat, iragan azaroan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 6a
12:03
Entzun

Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sendotzeko tresna berri bat sortu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak: EEL Eredua. Enpresaren Erantzukizun Linguistikoa Kudeatzeko Eredua.Klusterrak azaldu du «edozein ingurune soziolinguistikotan kokatutako enpresetan» aplikatu ahalko dela gida. Klusterrak nabarmendu duenez, haren bidez, enpresek baliabideak izango dituzte gizarte erantzukizuneko gaien artean «erantzukizun linguistikoa» txertatzeko, «hizkuntzak kudeatzeko arau etikoen eta sozialen araberako onurak agerian jarrita». Alde horretatik, helburutzat jo du «esparru sozioekonomikoan euskara indargune izango duen hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa aurreratua abian jartzeko tresna bat eskaintzea».

Enpresek euren borondatearen arabera erabakiko dute gida erabiltzea, klusterrak zehaztu duenez. Hala eginez gero, hizkuntzaren gaia kudeaketa sistema orokorrean integratzea proposatzen du ereduak. «Ez da, beraz, erantsitako jarduera soil bat; aitzitik, enpresaren helburu estrategiko orokorrak aberastera datorren egitasmo multzo bat da. Zehazki, kalitate sistemaren parte da. Ereduak ibilbide bat proposatzen du enpresek dagoeneko martxan dituzten etengabeko hobekuntza prozesuetan eta gizarte erantzukizuna lantzeko metodologietan txertatzeko erantzukizun linguistikoa», azaldu du klusterrak.

Euskara biziberritzeko ikergunearen arabera, gidak aukera ematen du enpresa bakoitzaren ezaugarrietara «moldatzeko», eta horixe du «bertute nagusietako bat». Gaineratu du ereduaren zenbait atal lantzeko modua ematen duela, eta hala egin dezaketela, esaterako, enpresa txiki eta ertainek. Bestalde, EEL Eredua aplikatzeko prozesuan «aholkularien» parte hartzea izatea gomendatu du. Hala ere, nabarmendu du gidan zehaztutako jarraibideak euren kabuz ere aplika ditzaketela enpresek.

Proiektuak 2008an dauka jatorria, Eralan proiektua jarri baitzuten abian urte hartan, «lan munduan euskararen erabilera sendotzeko helburuz». Proiektu haren 5. fasean sortu dute EEL Eredua, Auxkin Galarraga Eralan proiektuaren zuzendari eta EHUko Soziologia doktoreak eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileak. Horiez gain, klusterrak azpimarratu du «akademiaren eta enpresaren esparruko hainbat aditu eta eragilek» ere parte hartu dutela eredua sortzeko prozesuan. Eusko Jaurlaritzaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletza ere izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.