Albistea entzun

Sophie Istillart

«Ezagutu dut futbolean ezagutzen ahal nuen guztia»

Futbol profesionala utzi berritan, Bilboko Athletic bere azken taldeko errekrutatzaile ari da, Ipar Euskal Herrian emazte jokalariak xerkatzen. Ibilbidea Athleticen bukatu izana «harrotasun» gisa aipatzen du.

Sophie Istillart, Lezaman, lan saio batean. /
Sophie Istillart, Lezaman, lan saio batean. / Athletic Club Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria, Ipar Euskal Herriko Hitza -

2022ko maiatzak 9

2004an hasi zen futbolean Sophie Istillart (Hendaia, 1996), eta, Bilboko Athleticen taldean ari zela, iragarri berri du goi maila utzi duela. Blanquefort (Frantzia) eta Girondins Bordeaux (Okzitania) taldeetan aritu zen aurretik. Futbolari profesional izan da orain arte, eta Athleticentzat Ipar Euskal Herriko jokalariak bilatzen dihardu orain.

Nahiz eta goi mailako kirola ez den sekula zahar bukatzen, 26 urte ez dea gazte gelditzeko?

Gauzak nola ikusten diren… Niretzat, gazte da, baina, aldi berean, ez hain goiz. Iragan ditut hemezortzi urte futbolean jokatzen, eta sentitu dut gelditzeko mementoa zela. Ez dut uste badenik adinik ibilbide bat gelditzeko. Gauzak nola ikusten diren, denak desberdinak gara. Aurten mementoa dela sentitu dut, eta, aldi berean, bigarren aldiz lotailu etendura ukan dut eta horrek anitz gogoetatzera bultzatu nau. Gauza anitzek eraman naute erabaki hori hartzera, baina sekula ez dut adinari pentsatu.

Futbolarien artean ere diferentziak badira sexuaren arabera. Nola bizi izan duzu gizonen futbola pribilegiatua izatea?

Gaur egun, ez dut gogoetatzen ere zergatik hola den. Maluruski gauzak hola diren mundu batean gaude, eta horrekin egin behar da. Gauzak hobetu behar dira, eta uste dut duela hogei urte sekula ezin nukeela erran futboletik bizi nintekeenik ere. Mutilen futbola anitzez mediatizatuagoa da, telebista eskubideak… Beraz, bortxaz, gibeletik, finantza aldetik ondorio handiagoak badira. Nesketan ez gara hain segituak, ez da hain mediatizatua; beraz, bortxaz, diru aldetik ez dira ber ondorioak. Ezin gara mutilekin lehiatu, baina zergatik lehiatu? Hola da, orain saiatu behar da gerora begiratzen, eta lan egiten, gauzak garatzeko. Gaurko gazteek guk ukan dugun baino zerbait hobea ukan dezaten.

Frantziako eta Espainiako ligetan aritu zara. Bien arteko diferentziak badira?

Argiki, Espainian futbol mentalitatea bada. Frantzian ez da hala; bada errugbia anitz segitua dena. Emazte gisa, ez da diferentziarik. Aldiz, sailkapeneko lehen postuetako talde batean izateak edo azken postuetako batean izateak diferentziak ekartzen ditu maila guztietan: izan diru aldetik, azpiegitura aldetik… Baina, orokorki, diferentzia ttipia da, salbu kultura desberdinak direla. Bat bestea bezainbeste maitatu izan dut.

Taldea aldatzeko hautuak zeren arabera egin izan dituzu?

Ikusi behar da nolako ibilbidea nahi den: mugitu nahi dugun edo ez. Nire hurbilekoak Hendaian direnez, beti saiatu naiz sobera urrun ez jokatzen. Nire sustraiei lotua naiz, eta ezinbestekoa zait hurbilekoak sobera urrun ez ukaitea. Kirolari bakoitzak bere lehentasunak baditu. Nik ez banitu hautu horiek egin, ez nukeen hainbeste prezatuko bizi izan dudan guztia.

Logikoa dirudi Bilboko Athletic zure azken taldea izatea.

Bai, ezin zen bestela izan.

Erran ohi da klub berezia dela. Zuretzat ere hala izan da?

Zinez berezia da, lotzen zara segidan. Zinez harritua izan naiz hara heltzean; iduri zuen hangoa nintzela aspalditik. Harrera beroa da, dena egiten dute ontsa senti zaitezen. Harrigarria da, sekula ez dut hain klub eskuzabala ezagutu: kirol mailan eta maila humanoan… Egia da berezia dela, zinez berezia! Han zaudenean, ez duzu joateko gogorik.

Harrotasun bat da ibilbidea han bukatu izana?

Bai, dudarik gabe. Ezin zen gauza hoberik gertatu.

Hendaiarra izanik, pentsa daiteke Donostiako Reala hurbilago dela.

Egia da Hendaian Realaren zale anitz badirela. Ez nuen uste, baina Athleticen zale anitz ere badira. Bien arteko lehia aipatu bainoago, euskal futbol talde batentzat aritzea harrotasun bat da; arrastakoa, kolore istorio bat baizik ez da.

Selekzioetan ere ari izan zara.

Joan den urtean euskal selekzioa ezagutu nuen, eta 23 urtez behekoen selekzioak egin izan ditut Frantziarekin.

Ibilbide osoa, beraz.

Bai, egun ez dut damurik batere. Ezagutu dut futbolean ezagutzen ahal nuen guztia. Beraz, harrotasunez bukatu dut.

Futbola utz daiteke jokalari gisa, baina osoki ere bai? Amateurretan aritzeko edo trebatzaile bilakatzeko ideiarik baduzu?

Oraindik ez dut hori guztiari pentsatu, pausa egiten dut. Athleticekin harremanetan naiz oraino, errekrutatzaile postu bat badut. Lotura eginen dut Iparraldearen eta Athleticen artean. Horretan ari naiz. Berriz futbolean jokatzeari ez dut batere pentsatzen, zauritua naizelako. Gerokoak gero.

Zure lanpostu berriarekin loturik, zu ere lehendik begiz jo zintuzten Athleticen aritzeko?

Bai, baziren urteak segitzen nindutela; ene ikustera jin ziren Bordelera, eta lehenago Hendaiara ere. Erraten delarik klub berezia dela, hori ere parte da: bakarrik euskal herritarrak hautatzen dituztela. Kultura eta historia bat da, eta emazteetan berdin da; euskal neska guztiak bilatzen dituzte, eta, Maulen xerkatu behar bada, xerkatzen dute. Euskal jokalariak bakarrik hartzea aski mugatua da; beraz, bila joan behar.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia»

Julen Etxeberria

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».
Sherpa Ai binakako txapelketako finalistak, herenegun, aurkezpean. ©AITZIBER ARZALLUS / UROLA KOSTAKO HITZA

Xerpak, txapelaren bila

Jon Ander De la Hoz

Sherpa Ai binakako aizkolari txapelketa jokatuko dute gaur, Zestoan. Lau bikote ariko dira maila nagusiko finalean, eta hiru promoziokoan
Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan

 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...