Gerra Ukrainan

Sobietar Batasuneko banderak erakustea debekatu dute Berlinen

Igandean eta astelehenean ospatuko dute naziei irabazi izana, eta hiriburuko Poliziak esan du eragotzi egin nahi duela Ukrainako gerraren inguruko goraipamenik egitea.

Jendetza Nazien gaineko garaipena gogoratzen, Berlingo Treptower parkean, 2018an. MARKUS HEINE / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 6a
16:11
Entzun

Maiatzaren 9an, astelehenean, Garaipenaren Eguna ospatuko dute Errusian, gogoratzeko halako egunez 1945an naziek amore eman ziotela Sobietar Batasunari. Ekialdeko Alemanian bezperan ospatu izan dute Askapenaren Eguna, nazien agintea amaitu zela gogoratzeko. Tradizio handiko datak dira Berlinen, eta zeremonia arranditsuak egiten dira hiriko hainbat oroimen lekutan. Ekitaldi horietan garai hartako ikurrak eraman ohi dituzte parte hartzaileek. Aurten, ordea, ezingo dira Sobietar Batasunarekin loturiko ikur batzuk eraman, Berlingo Poliziak debekatu egin dituelako, Ukrainako inbasioa aitzakia hartuta.

Poliziak agiri bat plazaratu du debekuaren berri emateko. Igandeko 06:00etatik asteleheneko 22:00etara, debekatuta egongo da Sobietar Batasunaren bandera erakustea hiriburuko hamabost gunetan. Horrez gain, galarazi egin dute uniforme militarrak eramatea, edo horien zatiak, eta «Errusia eta Ukraina arteko gerra goraipatzeko modukoak izan daitezkeen ikurrak erakustea».

Alfabetoko hizki batzuk ere ezingo dira «modu nabarmenean erakutsi»: V eta Z hizkiak, alegia. Izan ere, hizki horiek erabili izan dituzte Errusiako tropek Ukrainaren inbasioan parte hartzen ari diren ibilgailuak identifikatzeko. V hizkia erabiltzen da Errusian garaipena adierazteko. Z hizkia ez erabiltzeko arrazoirik ez dute argitu.

Debekuak espresuki aipatzen ditu Sobietar Batasunaren bandera eta San Jorgeren zintak. Azken horiek hiru marra beltz eta hiru hori dituzte, eta Errusiako Armadan ikur nagusia da Bigarren Mundu Gerrako garaipena oroitzeko. 2014. urtetik, berriz, Vladimir Putin Errusiako presidentearen politikei sostengua agertzeko ikur bilakatu da.

Debekatuta egongo da, era berean, «Errusiaren edo Ukrainaren erreferentziak dituzten banderak» erakustea. Azkenak eta San Jurgiren zintak, ordea, salbuetsita egongo dira gerran hildakoen oroigarrietan jartzeko lore koroetan edo sortetan baldin badaude. Sobiet Batasuneko banderekin, ordea, ez dago salbuespenik.

Poliziak gaineratu duenez, misio diplomatikoetako kideak salbuetsita egongo dira debeku orotatik. Bigarren Mundu Gerrako beteranoek euren uniformeak eta San Jurgiren zintak eraman ahalko dituzte; ez, ordea, Sobietar Batasunaren banderarik.

Neurriokin «probokazioa eta gatazka» ekar dezaketen ikurrak galarazi nahi dituztela azaldu dute.

Treptow-Koepenick, Friedrichshain-Kreuzberg, Lichtenberg, Marzahn-Hellersdorf, Mitte, Reinickendorf, Pankow eta Spandau barrutietako eremuetan ezarri dute. Naziei irabazi izana gogoratzeko ekitaldi nagusietako bat Treptower parkean soldadu sobietarrari eskainiriko monumentu gunean egiten dute, eta horri eragiten dio debekuak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.