Euskaltzaleen Topagunea zazpi herrialdeetara hedatu da

Zazpi bazkide berri izango ditu euskara elkarteen mugimenduak; horietatik bost, Ipar Euskal Herrikoak. Kongresua egingo du hurrengo urteko udazkenean, eta, bitartean, helburutzat jo ditu aktibazioa eta euskararen aldeko dinamikak areagotzea.

Biltzarra egin du Euskaltzaleen Topaguneak, arratsaldean, Hendaian. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 6a
19:25
Entzun

Gaurtik aurrera, Euskaltzaleen Topagunea Euskal Herri osoan egongo da saretuta. Batzar nagusia egin du gaur arratsaldean, Hendaiako Ondarraitz estadioko aretoan (Lapurdi), eta, horren ostean, jakinarazi dute zazpi euskara elkarte berri batu zaizkiola mugimenduari. Ipar Euskal Herrikoak dira horietatik bost: Amikuzeko Zabalik, Baionako Biltxoko, Biarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea eta Larresoroko Ote Lore. Horiek guztiek Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea osatuko dute aurrerantzean. Topagunera batu diren beste bi bazkideak Zumaiako Larraina eta Iruñeko Laba dira. Eragileak «oso pozgarritzat» jo du Euskal Herriko lurralde guztietan presentzia lortu izana.

Euskara elkarteez gain, espresuki aisialdia lantzeko asmoz eratutako Kukulaisi elkartea ere aurkeztu dute batzarrean. Horrez gain, Tokikom tokiko hedabideen sarearen aurtengo asmoen berri eman dute.

Aurten 25 urte dira tokian toki eratutako euskara elkarteak Euskaltzaleen Topagunean egituratu zirela, eta hamar eragile horrek lehen eta bigarren kongresuak egin zituela. Hain justu, 2023ko udazkenean egingo dute hirugarrena, bazkideek gaur erabaki dutenez. «Azken hamar urteetan Euskaltzaleen Topaguneak eta euskara elkarteek egindako ibilbidea aztertu, eta hurrengo urteetarako erronken inguruan gogoeta egitea», horixe izango du helburu. Halaber, kongresura arte egingo duten «hausnarketaren egutegia» ere onartu dute batzarrean.

Euskara elkarteen egoera ere izan dute hizpide batzarrean. Topaguneko ordezkariek nabarmendu dute euskara elkarteek nozitu dutela «bi urtetan pandemiak gizartean izan duen eragina». Hala nola aisialdian, kulturgintzan, mintzapraktiketan eta hizkuntza aniztasuna lantzeko egitasmoetan nozitu dutela aipatu dute. Horregatik, garrantzi berezia eman diote aurtengo urteari. Helburu nagusitzat jo dituzte «euskaltzaleen aktibazioa eta kaleetan euskararen normalizazioaren aldeko dinamikak areagotzea». Alde horretatik, bi helburuokin guztiz bat egiten du Euskaraldiak, nabarmendu dutenez. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa, hirugarren aldiz. Halaber, kudeaketa planean zehaztutako bestelako egitasmoek ere xede horien bidean lagungarri izango direla uste dute Topaguneko kideek.

Zuzendaritza berritua

Topagunearen zuzendaritza batzordean ere badira berritasunak, hiru kide berri egongo baitira organo horretan: AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteko Karmele Perez, Bilboko Zenbat Gara elkarteko Isabel Isazelaia eta Gasteizko Geu elkarteko Jon Ajuria. Orotara, hamabi kidez osatuta egongo da zuzendaritza batzordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.