Euskara

Euskararen aldeko aldarria Iruñean, «eskubideak» oinarri

Kontseiluak deituta, 'Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat' mezua goiburu duen manifestazioa egin dute

joxerra senar
2022ko maiatzaren 7a
17:51
Entzun

Nafarroako administrazio publikoko merezimenduen dekretuak eta PAI ingelesez irakasteko sistema indartzeko erabakiak, biek ezinegona sortu dute euskaltzaleen artean, eta bien kontrako aldarria ozenduko dute gaur Iruñean, Kontseiluak antolatutako manifestazioan. Antoniutti parketik abiatu da, 17:30ean, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat leloa goiburu hartuta.

Manifestazioa hasi aurretik Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok kazetariei adierazi die ez dela euskararen aldeko manifestazioa, «eskubideen eta berdintasunaren» aldekoa baizik. Nabarmendu du «paradoxikoa» dela atzerriko hizkuntzei euskarari baino balio handiagoa ematea. Nafarroako Gobernuaren azken neurriak kohesio sozialaren «kontrako norabidean» doazela pentsatzen du, eta euskal hiztunek egun bizi duten eskubide urraketak «betikotze» bidean jar ditzaketela halakoek. PAI ingelesezko irakaskuntza programaren aurka ere hitz egin du, benetako eleaniztasuna lortzeko bidean ez dela egokia esan du.

Manifestazioa hasi berritan, inguruko etxe batetik Espainiako ereserkia jarri dute bolumen osoan, baina inork ez die jaramonik egin. «Euskaraz bizi nahi dugu», «eskubideak, nafar guztiontzat» eta «ez dekretu ez PAI, euskara bai» aldarriak ozendu dira. Vianako printzea plazan du egoitza UPNk, eta eskuineko alderdiari ere oihukatu diote manifestariek «Nafarroa euskalduna" nahi dutela. Gazteluko plazan amaitu da martxa. Bertan hainbat herritarrek hartu dute hitza; euskarari administrazioak ematen dion tokiaren arabera bereizita dauden hiru eremuetako ordezkariak izan dira, eta pairatzen dituzten eskubide urraketak salatu dituzte. «Kilometroak egin ahala» eskubideak «galtzen» dituztela kritikatu dute, eta «bigarren mailako herritar» sentitzen direla sarri askotan.

Oraindik tramitazio fasean dago Nafarroako administrazio publikoko merezimenduen dekretuak, baina, araudi horren arabera, euskara merezimendu izango da Nafarroako zenbait eremutan, eta hori ere ez beste zenbaitetan. Egoera hori salatzeaz gain, eztabaida bestelako parametro batzuetara eraman behar dela eskatu nahi du du Kontseiluak: eskubideenera. Gaur-gaurkoz, Nafarroako herritarrek ez dute modurik administrazioarekin euskaraz aritzeko, eta ezin hori lanpostu elebidunen kopuru urriari ere zor zaio. Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren arabera, lanpostuen %3k baino ez dute betetzen baldintza hori, zenbait departamentutan ez da %2ra iristen, eta lau departamentutan ez dago profil elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta administrazioko lanpostu gehienak eremu mistoan daude.

Administrazio publikoaren bueltan hasitako eztabaida hezkuntza eremura mugitu da, hala ere, PAI ingelesezko irakaskuntza programa hezkuntza eredu bihurtzeko erabakia dela eta. Iragan astean onartu zuen neurria parlamentuak, PSNren eta Navarra Sumaren aldeko botoekin. Funtzio publikoko 350 irakasleren lanpostuak egonkortzearen argudiopean, programa horretako irakasleen lan deialdietan ingelesezko C1 maila eskakizun bihurtzea adostu zuten, ziurgabetasun juridiko betean eta presaka. Horregatik, itxurazko eskubideen izenean hizkuntza eskubideak estali nahi izatea egotzi dio Kontseiluak gobernuari, gogora ekarriz PAI programa Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari ohiak bultzatu zuela, eta garden aitortu zuela Barcinak berak helburua «euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditzea» zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.