ALTUNA III.A 22-5 ZABALETA

Altuna finalerdietara, erakustaldia emanda

Amezketakoak nagusitasun handiz irabazi dio Zabaletari eta buruz burukoaren finalerdietarako sailkatu da. Partida osoan agindu du, eta ia ez du behartu mindutako eskua

Altuna II.a pilota ezker airez astinen Zabaletaren begiradapean. ANDONI CANELLADA / FKOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 7a
19:20
Entzun

Jokin Altunak nagusitasun handiz irabazi dio Jose Javier Zabaletari (22-5) eta buruz buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu da. Egungo txapelduna goitik behera nagusitu da final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiko partidan eta ez dioaukerarik eman aurkariari. Ia tanto guztiak agindu ditu eta horri esker ez du behartu ezker eskua, minduta zuena, eta iragan asteko partida bertan behera uztera behartu zuena. Finalerdia Iruñean jokatuko du, heldu den larunbatean, ondo bidean Unai Lasoren aurka. Bizkarretakoak (Nafarroa) astearteko proban erabakiko du jokatzeko moduan dagoen.

Atanoko partidak kolore bakarra izan du, Altunaren gerrikoko gorria. Zalantzekin ekin dio, baina berak onartu du hasiera onak lasaitu egin duela. Sakea bikain baliatu du, eta are hobeto Zabaletak botera errestatzeko harturiko erabakia. Hark ere ez zuen eskua bere onenean eta ezin izan dio airea kendu. Saketik izan ez denean, sake errestoan lortu du tantoa, eta Altunak berehala ireki du tartea : 9-0. Ordurako 45 pilotakada baino ez zituzten joak.

Hasiera zama handia izan da Zabaletarentzat. Altunak ezker eskuin mugitu eta ezin izan du tanto bakar batean ere kolpea askatu. Dejada batekin moztu du Altunaren bolada, baina ez du sakea baliatu eta amezketarrak are gehiago handitu du arrakala (18-1). Partida erabakita zegoen eta Zabaletaren aurpegian ikus zitekeen etsipena. Altunaren hust bati esker sakea berreskuratu du eta bi tanto egin ditu jarraian seigarren koadrotik sakatzen. Bolada motzegia izan da baina, eta ezin izan du emaitza atondu. Hori gutxi ez eta zorabio txiki batekin amaitu du partida Zabaletak.

Iraupena. 37:41.
Pilotakadak. 148.
Saketik. Altuna IIII.ak sei; eta Zabaletak bi.
Egindakoak. Altuna III.ak hamazazpi; eta Zabaletak bi. Huts egindakoak. Altuna III.ak hiru; eta Zabaletak bost.
Markagailua. 9-0; 9-1; 18-1; 18-2; 20-2; 20-5 eta 22-5.
Bestelakoak. 747 ikusle Atano III.a Donostiako pilotalekuan. Apustuak doblean irten ziren Altunaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.