ander perez zala
Ipar Irlandako hauteskundeak

DUPen blokeoa

2022ko maiatzaren 9a
16:54
Entzun

Kanpaina aspergarri baten ostean, Ipar Irlandak emaitza historikoak izan ditu. Batetik, alderdi irlandar nazionalista batek irabazi dituelako bozak, ordezkaritzarik handiena lortu duelako eta lehen ministroa izendatzeko eskubidea duelako; eta, bestetik, errealitate politikoa hiru alderditan zatitu delako, orain arteko biko logika atzean utzita: Sinn Fein, DUP Alderdi Demokratiko Unionista eta Aliantza Alderdia.

Emaitza horiek mugarri dira kontuan harturik Ipar Irlanda sortu zutela eta bere mugak finkatu zituztela unionismoa gehiengoa izateko; edo, behintzat, unionistek beti gobernatzeko. Horregatik, Sinn Feinen garaipena are esanguratsuagoa da 2017an baino boto gehiago lortu dituelako, eta iragan ostegunekoa delako alderdi irlandar nazionalista batek Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenetik (1998) izan duen babesik handiena.

DUPen kasuan, badirudi boto emaileetako batzuk TUV Ahots Tradizional Unionistara joan direla, eta beste batzuk, Aliantza Alderdira. Horrek agerian utzi du unionismoa zatituta dagoela, batez ere brexit-aren ostean sorturiko testuinguruaren aurrean izan beharreko erantzunagatik eta beste hainbat gairengatik; besteak beste, abortua eta sexu bereko pertsonen eskubideak, esaterako. Baina ez hori bakarrik: azken urteotan izandako barne eztabaidek eta buruzagitzaren inguruko krisiek ere izan dute eragina horretan.

Unionistentzat, albiste ona da oraindik gehiago direla —ez gehiengoa—, bai botoetan, bai diputatu kopuruan, baita Irlandaren batasunari buruzko inkestetan ere. Eta, Sinn Feinek eskuratu duen arren babesik handiena, uhartea elkartzearen afera ez dagoela mahaigainean; ez, behintzat, epe ertainera begira.

Eztabaidaren erdigunean dagoen auzia gobernabidea da, eta Ipar Irlandaren etorkizun politikoa ez da ziurra, berriz ere. Asanbleako 90 diputatuetatik 63k nahi dute gobernua berriz martxan egotea, eta 54k, Ipar Irlandarako Protokoloak bere horretan jarraitzea; hau da, gehiengo bat dago aurrera jarraitzeko, erakundeek funtzionatzeko. Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiak, ordea, gaur berretsi du ez dutela lehen ministrorderik izendatuko ostiraleko parlamentuko saioan, protokoloaren inguruan dituzten kexak konpondu arte.

Donaldson lerratu egin da unionismoaren muturreko jarrerekin afera horretan, batez ere TUVeko buruzagi Jim Allisterrekin —indar horren diputatu bakarra da parlamentuan—, eta, finean, horrek eragin du Allister inguruan izango duela beti auzi horretaz aritzean, onerako eta txarrerako.

DUPek erabaki zail bat hartu beharko du laster: zer egin datozen hilabeteetan. Ipar Irlandako herritarrek gobernu baten beharra aldarrikatu dute, baita ordezkaritza lortu duten gainontzeko alderdiek ere —TUVek izan ezik—, baina badirudi Donaldsonek blokeo politikoari eusteko asmoa duela.

Izan ere, alderdiari ez zaio komeni luze gabe berriz bozetara joatea, babes gehiago galduko duelako —TUVen mesederako, adibidez—; eta, ziurrenik, ezta gobernuan sartzea ere. Badirudi hori izango dela estrategia: gobernabidea oztopatzea, protokoloan aldaketak lortzen saiatzea eta, horiek gogo betekoak badira, hauteskundeak behartzea galduriko botoak berreskuratzeko. Edo, beste modu batera esanda, gobernurik ez egotea Ipar Irlandan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.