Ikastolen jaiak

Herri Urrats: besta eta protesta «ikaragarria»

Antolatzaileek «ikaragarritzat» daukate 39. Herri Urrats. Balorazio ezin hobea egin dute: bai jende uholdearen aldetik, bai giro «onagatik», bai ere sentitu duten «sostengu» politikoaren aldetik.

Ainize Madariaga
2022ko maiatzaren 9a
17:11
Entzun

«Oso mobilizazio nazional potentea izan da. Haluzinagarria izan da, ez daukagu hitzik !Itzuli gara 1990eko hamarkadan ospatzen zen Herri Urrats masibo horretara!», laburbildu du, pozez gainezka, Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzaileak.

Seaskak egin zion dei nazionalari erantzun dio herriak: bazter orotako jendea bildu baita atzo Senpereko (Lapurdi) aintziran, gune oro mukuru bete utziz: «horrek pozten gaitu» azpimarratu du Rodriguezek. Bereziki kontuan hartuz, COVID-19aren aitzineko hondar edizioetan Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko jende kopurua «mugatua» zela. «Hegoaldetik ere sekulako erantzuna izan dela». Horiek hola, koordinatzaileak eskertu du deiari erantzun dion «mobilizazio erraldoiari».

«Hamarnaka mila» pertsonak inguratu dute aintzira. Eguerdiko 12:30 inguru antolakuntzako aparkaleku guziak beteak ziren, gune batzuetan edari eta janaririk gabe gelditu dira, nahiz eta «sekula baino gehiago» ekarri, autobusen kopurua «ikaragarria» izan da, sarrera nagusia «kolapsatua» egon da... Datu adierazgarri hauekin baloratu du Rodriguezek aurtengo arrakasta.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Bi urteko etenak ikara zerbait eragin zien antolatzaileei, Rodriguezek ez du arrangura kukutu: «Jai batzuetan gertatu dira sekulako borrokak; horregatik, seguritatea bikoiztu dugu. Baina alderantziz izan da: jendea etorri baita ondo pasatzera. Sarrera nagusian ikustea nola ateratzen zen jendea irribarrez, pozik eta alai, dena esan nahi zuen. Irribarrearen festa izan da. 19:00etan jendea oraindik dantzan ari zen, dena ematen, guneak ezin itxiz ibili gara, haluzinagarria, benetan!».

Koordinatzaileak bereziki azpimarratu du Nafarroa gunea, zeina Badokek babestu baitu: «Oso baikorra eta polita izan da BERRIArekin ukan dugun hitzarmena. Nire ustez, datozen edizioetarako gainerako guneetara biderkatu ahalko dugu. Gosaldu edo bazkaldu bitartean BERRIA irakurtzeko aukera ematea, erraterako, nahiko genuke gune gehiagotara zabaltzea. Badok bada tresna bat ikastoletan erabiltzen dena, eta jende oso gutxik daki BERRIArena dela. Azkenean zuhaitz bereko bi adar gara».

Bertan jo zuten, bertzeak bertze, Laparrak Seaskako lizeoko taldeak, Aho Zakil Konekxion eta Agustin Alkhat taldeek. Gainera, lau kontzertu berezi egon zitezen nahi izan dute antolatzaileek; lehenik, agur bat: Skakeitan taldeak bere agur bira Herri Urratsetik abiatu baitu. Bigarrenik, aurtengo lemari leial, itzulera bat ekarri dute: Des-Kontrolen mende laurdenaren ospatzeko mundu bira, Herri Urratsetik partitu baita, hiru urtez taula gainerat igan gabe egon eta gero. Hirugarrenik, Iparraldeko talde «potente» bat nahi zutenez, Willis Drummond ekarrarazi dute. Azkenik, «inoiz egon ez den zerbait» lortzeko, Duplari eman diote Ipar Euskal Herrian lehentze jotzeko parada: «emozionatu dira guztiak, apoteosikoa izan da», gehitu du Rodriguezek.

Arrakasta gaitza bildu dute Xiberootsek, Pontx pailazoak, eta, Astobabak eta Trikidantzek, ere: «Ez genuen uste hainbeste jende egonen zenik erromerietan», onartu du antolatzaileak. Dantzagunea ere jendez betea egon zen egun osoan; Kimua dantza taldeak ikusgarria eman zuen, lehen aldikoz Ipar Euskal Herrian, generoari buruzkoa.

Haatik, hobetzeko bi puntu aipatu ditu Rodriguezek: batetik, haurren txokoa, txiki gelditu baitzitzaien: «Datorren urtean birformulazio bat pentsatu beharko dugu». Bestetik, bezperatik edo bi gau aitzin jindako jendearen kudeaketari dagokionez. Izan ere, bezperan, jada, aintzira Herri Urrats egunekoa «bezalakoa» izateak harritu du koordinatzailea: furgonetan lo egin baitu jende parrastak, edo kanpatu. Horrek, preseski, antolaketan hobekuntzak egiterat eskatu du: «Sorpresaz harrapatu gintuen, eskertzen dugu etortzea, baina beharko dugu antolaketa hobetu, arazoak sortu baitizkigu».

Une hunkigarria boz dardartiaz laburtu du antolatzaileak: Leire Iribarne zenaren omanaldia: Diabolo Kiwi bere taldeak 14:30ean jo behar zuenez, tenore horretan, testu «polita» leitu dute megafoniatik, segidan, taldeak egin zuen Herri Urratsen kantua entzunarazi dute.

Besta bai, borroka ere bai

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin murgiltze ereduan ikasten duten ikasleek ezin dituzte pasatu azterketak beraien hizkuntzan, gaiak ikasteko erabili hizkuntzan, berezko hizkuntzan. Karia horretara, Herri Urrats besta bat dela ez du dudan ezarri Rodriguezek, eta hala izanen dela ere erantsi du; haatik, aurtengoak bereziki, gehikuntza bat bazuela azpimarratu du: «Mobilizazio egun nazional bat izan da: azterketak euskaraz egitearen alde, eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde. Ikusi dugu jendeak erantzun duela».

Afera da frantses legeak aspalditik diola azterketak frantsesez egin behar direla, salbu «lurraldeetako» hizkuntzen irakaskuntzak bestela behartzen baldin badu. Kasurako, frantsesek deitzen dioten «lurraldeetako» hizkuntzatzat daukate euskara: «Horregatik Brebeta osorik euskaraz egiten genuen, legeak hala baitzioen», oroitarazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, azpimarratuz «gibelatzeak» bertzerik ez direla gertatu azterketak euskaraz pasatzeari dagokionez, eskubide horri uko egiten baitio orain frantses Hezkunde Nazionalak.

Bertzalde, Molac lege famatuaren karietara, zirkular bat argitaratu zuen abenduan Hezkunde Nazionalak, murgiltze ereduaren egoera «zuzentzeko», zeinak baitio Baxoko azterketa batzuk euskaraz egiten ahalko direla. Alta, urtarrilean erran dute ez dutela aplikatuko: «Behartu genituen idaztea, momentu politiko egokia baitzen, instituzio guziak gure alde agertu dira konponbide bat atzeman behar zela, jendea karrikara atera zen... Baina orain uste dute pasatu dela une hori eta ez dute aplikatuko», erran du hozki Jorajuriak.

«Gibelatze» horiei ihardukitzeko desobedientziarako deia egin du Jorajuriak, brebeta eta baxoa azterketei dagokienez (lehena, hamabortz urterekin pasatzen dute, kolegioaren helmugan, bigarrena, berriz, hamazortzirekin, lizeo garaiko hondar urtean). Batetik, Brebeta pasatu beharko duten hirugarren mailako ikasleen gurasoei; bultza ditzaten seme-alabak zientzietako azterketa euskaraz egitera, «nahiz ez dieten zuzenduko eta nota txarrak emanen dizkieten».

Bertzetik, irakasleei ere, desobedientziarako urratsa egin dezaten dei egin die Jorajuriak Seaskaren izenean. Iaz abiatutako xendratik abiatzea nahiko luke: hainbat irakaslek uko egin baitzioten azterketak zuzentzeari, euskaraz ez zireno. Ondorioz, bi irakaslek zigor ekonomikoak pairatu dituzte. Jorajuria dago frantses Hezkunde Nazionala ez ote den «urrunago joanen», zigor solas. Desobedientziarako akuilua garbi du lehendakariak: «Irakasleek eta ikasleek egiten duten lanaren errespetuz: erakatsi gai bat eta ondotik ez behar bezala zuzendua izatea? Ez».

Hirugarrenik, instituzioei ere desobedientziarako deia zabaldu dio Seaskak: «Sostenga ditzaten eginen ditugun ekintzak ondoko aste eta hilabeteetan». Instituzioen babes zabala agertu da atzoko agerraldian ere: «Brebetaren gaian bereziki, baina baita baxoarenean ere, sentitu dugu instituzioen sostengua», aitzinerat ezarri du lehendakariak. Konparazione, Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoaren izenean mintzatu zen, salatzeko onartezina dela Brebetarekin gertatzen dena.

Desobedientzia egitea ez da Seaskak eginen duen ekintza bakarra. Baxoa azterketako ahozko nagusiaren parte bat legez euskaraz egin dezakete Seaskako ikasle guziek.Hala dio EEP eta frantses Hezkunde Nazionalaren arteko hitzarmenak. Aurten, lehentze izanen da erreforma aplikatuko dela, baina Errektoretzak ez du nahi ikasle guziei zabaldu nahi eskubide hori: ez die euskara berezitasun gisa hartu dutenei baizik aplikatu nahi, hots, ehunetik hamarri. Jorajuriak iragarri du Seaskak auzitegi administratibora joko duela eskubide horren kausitzeko: «Hitzarmenean idatzia bada ere, eta Hezkunde Nazionala engaiatu den hori egiterat, ez die nahi dener aplikatu. Beraz estatua auzitegi administratiborat eramanen dugu ondoko aste eta hilabeteetan».

Hitzartzetik landa, Brebeta euskaraz kamiseta beztitu dute instituzioetako ordezkariek, argazkia ateratzeko: Antton Kurutxarrik eta Peio Jorajuriak, bai ere, Frederic Espagnacek Akitaniaren izenean, Jean-Jacques Lasserrek Departamenduaren ordezkari gisa eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hiri Elkargoaren izenean.

Borrokak fruituak ere badakartza: aurtengo Herri Urratsi esker, Seaskaren bortzgarren kolegioa eraikitzen ahalko baita, Senperen berean. Departamenduak berretsi zuen atzo bat egiten duela proiektuarekin eta lagunduko duela horretan.

Jorajuriak eta Rodriguezek eskerrak eman nahi izan dizkiete atzoko egunaren antolaketan parte hartu duten guziei, bai ere musika taldeei, erakutsi duten «prestasunagatik eta emandako baldintzengatik; haiek guziak gabe ez balitzateke posible», erran du lehendakariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.