Albistea entzun

JAIALDIA

Pasaiako Itsas Festibalak 160 ontzi bilduko ditu badian

«Itsas ondarearen erreferente izateko helburuz», egitarau zabala aurkeztu dute antolatzaileek: maiatzaren 18tik 26ra, itsasoari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako askotariko jarduerak egingo dira Pasaiako lau barrutietan.

Pasaiako lehen Itsas Festibala, 2018. urtean.
Pasaiako lehen Itsas Festibala, 2018. urtean. Andoni Canellada / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko maiatzak 11

Pasaiako (Gipuzkoa) Juanba Berasategi aretoan aurkeztu dute gaur aurtengo Itsas Festibalaren egitaraua. Maiatzaren 26tik 29ra da berez festibala, baina hilaren18tik aurrera hasiko dira jaialdi horrekin lotutako ekitaldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak. Halaxe azaldu dute aurkezpenean Izaskun Gomez Pasaiako alkate eta Pasaiako Itsas Festibaleko presidenteak, Xabier Agote Pasaiako Nazioarteko Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaolako presidenteak, Joakin Telleria Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, eta Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeak.

2018an egin zuten lehen ekitaldia, eta orduko markak gaindituko dituzte aurtengoan: 160 ontzi tradizional baino gehiago bilduko ditu festibalak Pasaiako badian. Xabier Agote Albaolako presidenteak jakinarazi duenez, «askoz eduki gehiago» izango ditu aurtengo ekitaldiak. 115 ontzi izan ziren aurreko ekitaldian, eta «sekulako ezustekoa» hartu dute aurten, pandemia tarteko ez zutelako espero hainbeste ontzi biltzea. Badiara iritsiko diren horien artean, hainbat izen nabarmendu ditu Agotek: Marité, La Recouvrance, Shtandart, Oosterschelde, Scylla, Mater, Ring Andersen eta Atyla. «Shtandart, esaterako, Errusiako fragata baten erreplika da. Azken ordura arte ez dugu jakin etortzeko aukerarik izango zuen, errusiarra izaki. Kontua da partikular batena dela ontzia, eta kulturen arteko zubigintzan jarduten dela. Ukrainarrak ere baditu tripulazioan, eta programazio berezi bat ari gara lantzen haiekin, elkarbizitzaren ikur bihur dadin festibalean», azaldu du Agotek.

Gaurko prentsaurrekoa. Maialen Andres / FOKU

Harkaitz Millan Kultura diputatuak Itsas Festibalaren garrantzia nabarmendu du. «Beti azpimarratzen dugu kulturak eraldaketa sozial eta ekonomikorako duen gaitasuna, eta hauxe da adibiderik argiena». Azaldu duenez, «ekitaldiaren filosofia eta ezaugarriak kontuan hartuta», apustua egin dute tokiko taldeen alde, eta Katapulta programako talde berriei egin diete tokia, besteak beste. Millanek eman ditu egitarauko xehetasun batzuk. Ostegunean, hilak 26, hiru kontzertu izango dira Pasai San Pedron: Oreka TX, Thierry Biscary eta Pao Barreto. Ostiralean, hilak 27, Donibanen: Deñe, Mugan eta Feten Fetenen. Egun berean, Trintxerpen: Kyxo, Lamiak eta Liher. Larunbatean, hilak 28, Antxon: Rumbling Libs, Arima Soul eta Fundacion Tony Manero.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak tokiko eragileen parte hartzea eskertu eta azpimarratu du. Dei egin die pasaitarrei eta kanpotik etorriko direnei festibalean parte hartzera, eta «erregutu» du garraio publikoa erabil dezatela, egun horietan ez baita tokirik egongo Pasaian autoa aparkatzeko. «Gure herria itsas ondarearen erreferente izatea nahi dugu, eta horren inguruan gure etorkizuna eraiki. Ekitaldi honek nazioarteko mapan jartzen gaitu, eta eskualde osoarentzat dakar onura ekonomikoa».

Festibalerako sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai, jaialdiko webgunean, eta egitaraua ere bertan ikus daiteke osorik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakea sinatzeko ezpatak

Bakea sinatzeko ezpatak

Olaia L. Garaialde

Mitoz eta ustez josita dago Lesakako ezpata dantzaren jatorria; ez dago argi zein den. Urtez urte dantza aldatu da, eta emakumeen presentzia handituz joan da. 2018. urtean lehenengo aldiz dantzatu zuten

 ©Bob Edme

«Euskararen aldeko lana egiten dugu egunerokotasunean»

Oihana Teyseyre Koskarat - Ipar Euskal Herriko Hitza

Senpereko Herriko Etxearekin akordioa lortu izana abiapuntu bat izanen dela uste du Maia Larrondo Ajuriagerrak. Azken urteetan Euskal Hedabideekin izandako lorpenak egonkortzea espero du.

Oihan <em>OPH</em> rap kantari gazteak gogor salatu du baxoa eta brebeta euskaraz egitea debekatzea. ©PATXI BELTZAIZ

EHZn, mila kolore dantzan

Ainize Madariaga

EHZren bigarren egunak kolore orotako publikoa erakarri du plazarat. Zirkuak eta bertso eta rap saioek jendetza bildu dute Irisarri erdigunean.

«SESBetik itzultzea gogorra izan zen: gorriak ginen, adar-buztan eta guzti»

Amaia Igartua Aristondo

Espainiako gerra hasi zenean, Santurtziko portutik Sobietar Batasunera alde egin zuten Sevillaren gurasoek, artean haurrak zirela, eta 20 urteren ondoren itzuli ziren, familiarekin. Euskal Herriratu osteko urteen oroitzapen mingotsa du Sevillak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.