Ingurumena

Koralaren zuritzeak Australiako Koral Hesi Handian ikertutako uharren %91ri eragin die

Seigarren aldiz erregistratu dute hesiaren zuritze masibo bat, laugarrena 2016az geroztik.

Australiako Koral Hesi Handiari ateratako argazki bat. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 11
13:14
Entzun

Australiako Gobernuaren zientzialariek osatutako txosten baten arabera, koralaren zuritzeak Australiako Koral Hesi Handian ikertutako uharren %91ri eragin die. Herenegun kaleratutako ikerketaren dokumentuak dioenez, uda bukaeran uraren tenperatura batezbestekoaren gainetik egoteak ekarri du zuritzea. Beraz, seigarrenez erregistratu dute Koral Hesi Handiaren zuritze masibo bat; laugarrena 2016az geroztik.

Zientzialariek ur sakonetan ez dauden dauden 719 uhar behatu dituzte, eta detektatu dute 654 uhar apur bat zurituta zeudela. Txostenarekin batera kaleratutako mapa batean ikus daiteke turistek gehien bisitatzen dituzten kostaldeko eremuetan gertatu dela zuritzerik handiena eta muturrekoena.

Bigarren urtez La Niña fenomeno meteorologikoari aurre egin diote Australian. Horrek euriteak ekartzen ditu, eta Lissa Schindler Itsasoa Babesteko Australiako Elkartearen zuzendariak The Guardian egunkariari adierazi dionez, fenomeno horrek, berez, mesedegarria izan beharko luke uharrak «leheneratzeko». Baina ez da halakorik gertatu. «Zuritzeak gero eta ohikoagoak diren arren, hau ez da normala, eta ezin dugu onartu».

Australiako ipar-ekialdeko kostako Koral Hesi Handiak 2.300 kilometro ditu, eta 34.870.000 hektarea inguruko azalera. Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen 1981. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.