Euskal Herriko Itzulia

Volleringentzat lehendabizikoa

Herbehereetakoak irabazi du Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, Bastidan. Sailkapen nagusian ere buruan jarri da. Ane Santesteban bosgarren izan da.

Vollering, gaur, Bastidako helmugara iristen. WORX
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 13a
13:31
Entzun

Demi Vollering herbeheretarrak irabazi du Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, Bastidan. Hark bukatu ditu azkarren Gasteizen hasitako lanak (105,9 kilometro). Erakutsi du lasterketa irabazteko faborito izatea ez dela kontu hutsa. Erakustaldia eman du etaparen bigarren zatian, eta saria eskuratu du.

Bi zati izan ditu gaurko etapak. Lehendabizikoa eguneko ihesaldiarena izan da. Lau txirrindularik egin dute aurrera Zaldiaran mendatea (3. mailakoa) igo eta gero: Mireia Benito Pellicer (MAT), Anastasia Lebedeva (EIC) eta Prisca Savi (BPK) eta Cristina Tonettik (TOP). Kilometroak aurrera joan ahala, Lebedeva geratuz joan da, eta beste hirurekin batera igaro dute Rivasko begiralekua (2. mailako mendatea). Hiru minuturen aldea atera diote tropelari, baina, atzean lanean jarri direnean, azkar jan diete aldea. Herreran gora (3. mailakoa), Benito bakarrik geratu da, tropelak Savi eta Tonetti jaten zituen bitartean. Hala ere, gainera iritsi baino lehen harrapatu du tropelak Benito —Nafarroako Klasikoan laugarren egin zuen aste honetan—. Eta Herreran gora ikusi den zantzu batek forma hartu du, lasterketaren gaurko bigarren zatia estreinatzeko.

SD Worx taldeak zalaparta eragin du azkeneko mendatean gora, tropela astintzeko. 30 bat txirrindulari geratu dira. Herrera zapaldu eta berehala egin du aurrera Ashleigh Moolmanek (SD Worx). Azkar batu zaizkio Lucinda Brand (Trek), Demi Vollering (SD Worx) eta Elise Chabbey (Canyon). Laurak ere faboritoak Itzulia irabazteko. Minutu erdiren aldea ere izan dute, baina hogei kilometro falta zirenean harrapatu dituzte atzekoek. Lana fin egin dute Ane Santestebanen (BEX) taldeak eta DSMk.

Bat eginda joan da 29 ziklistako tropela gero, baina ihesaldi saiakera batzuk izan dira. Emankorrena hiru hauena izan da: Kristien Faulkner (BEX), Vollering eta Pauliena Rooijakkers (CSR). Azken hamar kilometroei ihesean ekin diete. 30 segundoren aldea lortu dute bederatzi kilometro falta zirenean. Volleringek erakutsi du oso indartsu dabilela, zerbaiten bila. Atzetik, DSM taldea jarri da berriz ere aurrekoak harrapatu nahian, baina aldeak gora egin du: 38 segundo sei kilometroren faltan.

Hirurak heldu dira Bastidako helmugara. Herri barruan alde zaharreko aldapan zegoen garaipenaren marra gozoa. Indartsuenak behar zuen besoak altxatuko zituena, eta Volleringek erakutsi du zerbaitegatik izan dela etapako bigarren zatian erakutsi duena —sasoiko bigarren garaipena du—. Rooijakkers izan da bigarren, eta Faulkner hirugarren. Gainontzeko txirrindulari indartsuen tropeltxoa 41 segundora iritsi da. Hor sartu da Ane Santesteban (BEX), eta etapan bosgarren izatea lortu du. Sailkapen nagusian ere Vollering dago lehen postuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.