Innobasqueren tartea

Berrikuntza, salmenta ona egiteko

Bezeroa oso ongi ezagutzeak eta zer nahi duen eta zergatik jakiteak fidelizatzen eta gehiago bilatzen laguntzen du. Hala erakusten du Hazinnovaren Asebrock 2000 esperientziak; Hazinnova Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, eta ETE eta mikroETE-ei aukera ematen die hiru hilabetean emaitzak ekarriko dituzten berrikuntzak ezartzeko

Asebrock 2000, Bilboko aseguru-artekaritza. INNOBASQUE
2022ko maiatzaren 13a
14:53
Entzun

Baliteke Paretoren printzipioaz hitz egiten entzun ez izana, baina edozein ETEk edo mikroETEk egiten du topo, egunero, haren planteamendu funtsezkoenarekin: emaitzen % 80 ekintzen % 20tik datoz. Argi esateko, lan guztiak eta bezero guztiak ez dira neurri berean errentagarriak. Ematen digutenaren arabera sailkatzen (eta lehenesten) jakitea, beraz, funtsezkoa da. Batik bat, sektore oso helduan lan egiten duzunean eta ikaragarrizko multinazionalak dituzunean aurrez aurre.

Hori da Asebrock 2000ren kasua; Bilboko aseguru-artekaritza txiki bat da, eta aseguru-etxe handiekin lehian egon behar du. Horretarako, arduradunek argi ikusten zuten merkataritza-estrategia berria behar zutela, egon zitezkeen bezero berriei haiena bezalako enpresa batek eman ziezaiekeen arreta pertsonalizatua bereizgarri zuena. Hura zehazteko, Hazinnova programara jo zuten; egitasmoa 2019an jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak. Bost langile edo gehiago dituzten enpresei aukera ematen die berrikuntza-proiektu txikiak abian jartzeko 50 orduko doako aholkularitza izateko.

Hasteko, programak negozio txiki horietako askori bi gauza ulertzen laguntzen die. Batetik, berrikuntza haien edozein jardueratan aplika daitekeela, eta ez dituela beti inbertsio handiak eta puntako teknologia behar. Eta, bestetik, kanpoko bati enpresaren barrualdea erakusteko errezeloak gainditu behar direla. Hain zuzen ere, hori da analisi inpartziala egiteko modurik onena, inolako alborapenik gabe, eta dagoeneko leporaino betea dugun agenda aparteko lanez kargatu gabe.

Asebrock 2000ren kasuan, arduradunek hasieran eszeptiko zeudela aitortu badute ere, Hazinnovak esleitutako kontsulta-etxeak zerbitzuen portfolioa aztertzea proposatu zuen, bai eta haiek bezero-segmentu bakoitzari egiten zioten balioa eta, azkenik, sortzen zuten marjina ere. Azterlan hori osatzeko, ondoren, analisi bat egin zen, interes handieneko bezeroen profil estrategikoa identifikatu ahal izateko, kontuan hartuta hori oinarrizkoa dela ondoren erabiltzaile berriak bilatzeko.

Kontsulta-etxearen doako laguntza izateaz gainera, Hazinnovak enpresa parte-hartzaileei beren jardueraren sektorean eta merkatuan esperientzia duen agente baten ikuskapena eskaintzen die; Asebrock 2000ren kasuan, EAEko Lan Sozietateen Elkartearena izan zen. Bi horien laguntzaren bidez, programak proposatzen duenez, abian jarritako berrikuntzek emaitza nabarmenak izaten dituzte, hiru hilean baino ez.

Denbora horretan, aseguru-artekaritzak haren bezeroen segmentazioa egin du, sortzen duten fakturazio-bolumenetik, izan dezaketen marjinatik eta ematen duten balio estrategikotik abiatuta. Horrela jakin dute eredu-bezero bakoitzak zer baloratzen duen gehien; informazio horrek, gaitasunaren analisiarekin batera, bide eman die zehazteko zer merkataritza-ekintza diren eraginkorragoak segmentu bakoitzerako. Hala, fidelizazioa hobetzeaz gainera, EAEn, Nafarroan eta Kantabrian identifikatutako 5.000 biztanle potentziali baino gehiagori aurkezten ari zaizkien proposamenak are gehiago doitu ahal izan dituzte.

Hazinnova Spri taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute, eta deialdi berrian parte hartzeko epea abenduaren 1era arte du zabalik. Guztira, 437 enpresak parte hartu dute dagoeneko, fabrikazioko, logistikako, merkaturatzeko edo administrazio eta finantzetako arloetan hobekuntzak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.