Teknologiak

Muskek ziurtatu du Twitter erosteko konpromisoa duela

Erosketa eten duela iragarri du gaur goizean, baina handik gutxira esan du prozesuarekin jarraituko duela. Sare sozialak zenbat kontu faltsu nahi dituen jakin nahi du.

Elon MUsk bideokonferentzia batean. WU HONG (EFE)
2022ko maiatzaren 13a
16:50
Entzun

Ustekaberik gertatu ezean, bere enpresa izango duenarekin negozioa egiten hasi da Elon Musk. Gaur, Twitter sare sozialaren erosketa eten duela esan eta bi ordura argitu du «konprometituta» dagoela oraindik ere, eta horrek hainbat gorabehera eragin ditu enpresaren akzioek burtsan duten balorean.

Muskek erosketa etengo zuela iragarri du gaur goizean, AEBetako burtsak ireki aurretik, Twitter bidez. Argudioa: enpresak sare sozialean dauden kontu faltsu eta robotek kudeatutakoak zenbat diren argitu behar duela. Maiatz hasieran kaleratutako txosten baten arabera, %5 baino gutxiago ziren, baina Musk ez da fio.

Mezu hori bidali eta gutxira akzioek %20 egin dute behera. Handik bi ordura, baina, enpresaburuak beste txio labur bat idatzi du, «oraindik erosketarekin konprometituta» dagoela ziurtatuz, eta bederatzi puntu berreskuratu dute akzioek.

Muskek oraindik ez du erosi Twitter. Haren asmoa da osorik erostea, 41.000 milioi euroren truke, eta 52,3 euro eskaini ditu akzio bakoitzeko. Apiril amaieran, Twitterren administrazio kontseiluak ontzat eman zuen eskaintza.

Antzeko jokaldiak

Musk munduko pertsonarik aberatsena da, Bloombergen zerrendaren arabera. Eta ez da lehenengo aldia Twitter erabiltzen duena bere enpresetan dituen interes ekonomikoekin jokatzeko. Hala egin zuen Teslarekin, 2018an. Gainerako inbestitzaileekin adostu gabe, bere kabuz iragarri zuen enpresaren akzio guztiak erosteko asmoa, eta izugarri igo zen horien prezioa: isuna jarri zioten gezurra esateagatik. Duela aste batzuk kriptodiruaren inguruan zabaldutako bere mezuek eragin nabaria izan zuten dibisa horien balioan.

Muskek ez du erabat argitu nola eta zertarako erabiliko duen bere esku geratuko den sare soziala. Oso kritiko agertu da konpainiak hartu dituen erabakiekin eta erabiltzaile batzuen jokabidearekin, eta esan du beste norabide bat eman nahi diola horri, «egiazko adierazpen askatasunaren plaza» bihurtu nahi duela Twitter. Aurreratu du, besteak beste, robotek gidatutako kontuak ezabatuko dituela; eta kontu guztiak benetakoak direla ziurtatuko dela. Sare sozialetik kanporatutakoak itzuli ahalko direla ere iradoki du: Donald Trump AEBetako presidente izandakoa, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.