Italiako Giroa

De Gendt, azeri zaharraren bigarrena

Flandriakoak irabazi du zortzigarren etapa. Giroan aurreneko garaipena lortu zuenetik hamar urtera. Hiru iheskideri hartu die aurre Napoliko esprintean

jarraia213406.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 14a
18:36
Entzun

Italiako Giroak ez du distira handiko garaipenik behar urte luzeetan irabazitako ospea handitzeko. Baina gaurkoak badu berezitik. Irabazlearengatik. Thomas Gendt (Lotto) Flandriako txirrindulari beteranoak (35 urte) altxatu ditu besoak Napolin, zortzigarren etapan. Hiri Itzuli handietan dauzka garaipenak, eta Giroan bigarrena du atzokoa, Stelvio gain mitikoan 2012an lortu zuenari batu diolako oraingoa.

Klasiko mitikoen lurraldekoa da, baina han ingurukoak ez zaizkio gustatzen. Beste batzuk bai. Gaurkoak bazuen lasterketa molde horien kutsua, eta bikain moldatu da garailea Napoli-Napoli etapan (153 kilometro). 24 laguneko ihesaldia izan da giltzarria, lanean hasi orduko osatu dena, eta izen handiko beste ziklista batzuk ere baziren: Mathieu Van der Pool (Alpecine) eta Guillaume Martin (Cofidis), besteak beste.

Lana beltz egin du De Gendtek egun guztian zehar, eta ez zuen ematen hura izango zenik besoak altxatuko zituena. Baina ezustean —bakoitzak jar diezaiola neurria horri—, bera garaile. Aise bota ditu esprintean ihesaldi nagusitik geratutako laukotetik Davide Gabburo (Bardiani), Jorge Arcas (Movistar) eta Harm Vanhoucke taldekidea (Lotto).

Sailkapen nagusian, Juanpe Lopezek (Trek) segitzen du buruan. Jauzia Martinek eman du, laugarren jarri delako 1.06ra. Bihar mendia dute zai. Blockhaus gainean bukatuko da (1. maila) 191 kilometroko etapa. Beste lau aldapa ere izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.