Futbola

Reala Europako Ligan arituko da, eta Alavesek lehen maila galdu du

Babazorroek 3-1 galdu dute Levanteren aurka. Athleticek 2-0 irabazi dio Osasunari San Mamesen jokaturiko derbian.

Realeko jokalariak, Europako Ligarako sailkatu izana ospatzen. DOMENECH CASTELLĂ“ / EFE
2022ko maiatzaren 15a
22:09
Entzun

Seigarren postua ziurtatu du gaur Realak Vila-realen zelaian 1-2 irabazi ostean, eta horrekin ziurtatu egin du Europako Ligan aritzeko postua, hirugarren urtez jarraian.

Vila-realek sartu du lehenengo gola, eta abantaila horri buelta hartu behar izan dio Realak. Partida sendoa jokatu dute bi taldeek.

Korner bat ateratzen sartu dute gola Unai Emeryren mutilek, ondo ikasitako jokaldi batean. Kolpe horrekin iritsi dira atsedenaldira.

Zelaira Gorosabel atera da, Zalduaren lekuan. Irabazteko asmoz irten da Reala. Presio handia egin dio Vila-reali, eta Gorosabelek emaniko baloi batez baliatu da Isak berdinketaren gola sartzeko.

Izerdi hotza sentitu dute jarraitzaileek epaileak Realaren kontrako penaltia ebatzi duenean. Edonola ere, bost minutuz jokoa etenda egon da, VAR sistema kontsultatzeko, eta, azkenean, Realak zigorrik ez zuela merezi erabaki dute.

Orduan, kemen handiagoz aritu dira txuri-urdinak, eta 73. minutuan, Zubimendik sartu du azkeneko gola. Epaileak bederatzi minutuz luzatu du partida, baina Realak eutsi dio emaitzari.

Beraz, hiru puntu horiekin, Realak seigarren postua ziurtatua du, eta baliteke datorren asteko partidan bosgarrena ere eskuratzea.

Alavesen jaitsiera

Realaren jarraitzaileen pozaren kontrastea zegoen Alavesen zaleen artean, Levanteren zelaian. Realak irabazteak lagunduko zion lehen mailan jarraitzen, baina, horretarako, talde babazorroak ere irabazi behar zuen. Azkenean 3-1 galdu dute.

Ilusioa piztu du taldean lehenengo zatian, Joseluk sarturiko golari esker. Irabazten iritsi dira babazorroak atsedenaldira. Baina bigarren zatiaren hasieran, Duarte berdindu du, eta hortik aurrera ez dute buru altxatu.

Izan ere, etxekoak nagusitu dira ondoren, eta kontraerasoak erabili dituzte Alavesen atera hurbiltzeko. Rogerrek eta Moralesek sartu dituzte Levanteren golak.

Ez da ospakizunik egon, Ciutat de Valencia estadioan, ordea. Izan ere, Alavesek zein Levantek, biek ala biek galdu duten maila, eta bigarrenean jokatuko dute datorren sasoian.

Emaitzak aurrez egindako lanaren ondorio izan ohi dira, eta beti esaten da sailkapenak ez duela gezurrik esaten. Azkena da Alaves. Lehen Mailako talderik eskasena, beraz, eta, jaitsiera bera mingarria bada, samin handiagoa eragiten du inor harritu ez izana emaitza txar horrek. Zelaira begiratzen da horrelakoetan erantzuleen bila, eta ez da hautu txarra. Baina egoera honen oinarrian gauza gehiago daude. Zuzendaritzak eta haren erabakiak, esaterako. Hiru entrenatzaile izan ditu sasoi honetan, eta joera ez da oraingoa bakarrik. Entrenatzaileak kiskaltzeko makina da kluba, Josean Kerejeta buru duen enpresak Alaves hartu zuenetik. Denboraldi honetako dantzari begira, Javi Callejakek ekin zion aulkian, baina bota egin zuen zuzendaritzak, eta Jose Luis Mendilibar jarri haren ordez. Hobetu beharrean okertu egin ziren gauzak, eta Zaldibarkoa ere kalera. Haren ordez, Julio Velazquez ipini zuten, ura lepotik gora zeukanean taldean.

Egonkortasunik eza eragiten du horrek. Baita jokalarien aldaketek ere. Denboraldiz denboraldi taldea asko aldatzea ez da biderik onena sendotasuna lortzeko. Eta eman izan du, gainera, aurrekontuaren zati txikia erabili duela zuzendaritzak lan horretarako. Mirariz mirari ibili da Lehen Mailan egon den sei denboraldi hauetan, baina, azkenean, soka eten egin da. Zartatu. Inor ez da harritu. Gertatu egin behar zuen, bide estu horietatik ibilita.

Derbia San Mamesen

Realak eta Alavesek ez bezala, Athleticek eta Osasunak ez zuten gauza handirik jokoan gaur San Mamesen jokatu duten derbian. 2-0 irabazi diete lehoiek gorritxoei.

Berenguerrek eta Villalibrek sartu dituzte golak.

Ez da golik egon 33. minutura arte. Orduan Muniainen jaurtitako kornerraz baliatu da Berenguerrek, gola sartzeko. Nicok mina hartu zuen jokaldi batean.

Osasuna ez da kikildu, ordea, eta etengabe jo du erasora, baina ezin izan du zulatu zuri-gorrien atea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.