Futbola

Realeko zaleak jipoitu zituen atzo Espainiako Poliziak Vila-realen

Hiru lagun atxilotu zituzten, eta hainbat zauritu. Bultzada taldeko zaleak dira.

Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 16a
11:26
Entzun

Realeko hainbat zale egurtu egin zituen atzo Espainiako Poliziak Vila-realen, eta hainbat zauritu zituzten. Ospitalera eraman behar izan zituzten batzuk. Poliziak hiru lagun atxilotu zituen. Bultzada taldeko zaleak eta senide batzuk (haurrak barne) Realaren partida ikustera joan ziren, eta, taberna baten kanpoaldean zeudela, Polizia azaldu zen. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du albistearen berri, bertan zeuden zale batzuek emandako informazioarekin. Horiek esandakoaren arabera, gertakariak partida hasi baino ordu batzuk lehenago izan ziren. Lasai zeuden zerbait hartzen, eta Polizia azaldu zen. Gero eta gehiago gerturatzen zitzaizkiela kontatu dute, eta «mehatxatuta» sentitu zirela. Hori ikusirik, bidaiaren antolatzaileak identifikatu egin ziren Poliziaren aurrean, jarrera onarekin.

Poliziaren erantzunak «harritu» egin zituen Realeko zaleak: «Joan zaitezte popatik hartzera». Horregatik, zale batek azalpenak eskatu zizkion Poliziari, eta segituan oldartu zitzaizkien hango zaleei, haurrak barne. Geroago, kale estu batean, berriz jo zuen Poliziak zaleen aurka. «Inguratuta» geunden, esan dute zaleek. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren, eta, besteak beste, hau ere esan zieten poliziek: «Euskaldun putak, orain ez duzue hainbeste potrorik». Bideo batzuetan ikusten da nola jipoitzen dituzten lurrean dauden hainbat zale; haurrak ihes egiten ere ikusten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.