Irizarreko lan gatazka

Irizar E-mobilityko greba bertan behera utzi dute, ituna adostu ondoren

Langile batzordeak egindako bost eskaerak sartuko dituzte hitzarmenean, eta soldata igoera izango dute. 22 egun egin dituzte greban.

Irizar E-mobilityko langileek 22 egunez itxi dituzte lantegiko sarrerak. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 16a
19:20
Entzun

22 egun greban egon ondoren, Irizar E-mobilityko langile batzordeak eta zuzendaritzak enpresako lan itun berria sinatu dute gaur; ondorioz, langileek greba mugagabea bertan behera utziko dute, eta lanera itzuliko dira bihar.

Batzordeak —zortzi ordezkari ditu LABek eta bakarra du ELAk— ohar batean azaldu duenez, akordioak «nabarmen hobetzen» ditu lan baldintzak. Langileek bost eskaera egin zituzten, eta horiek denak betetzen ez baziren ez zutela greba amaituko ohartarazi zuten. Eskaera horiekin lotuta honako hau adostu dute, ELAk ohar batean zabaldu duenez: gaueko plusetan hobekuntzak, irteera eta dietetan hobekuntzak, eguneko eta urteko lanorduetan murrizketak, eta kategorietan hobekuntzak. Horrez gain, KPIaz gaindiko soldata igoerak adostu dituzte itunak iraungo duen urteetarako (2022-2023-2024).

Duela bost urte sortu zuten E-mobility eta Irizar kooperatiba taldekoa da. Adunako lantegian (Gipuzkoa), baina, langile gehien-gehienak soldatapekoak dira, eta gazteak: 300 inguru dira guztira. Grebarekin bat egin dutenek (180 inguruk) lan baldintzak duintzea eskatu dute —hemen lan gatazkari buruz BERRIAk argitaratutako erreportajea—.

Irizar E-mobilityn autobus elektrikoak egiten dituzte. Greba hasi aurretik, egunero autobus bat ekoizten zuten; datorren urterako egunean bi egitea aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.