Hipotekak

Europak ebatzi du zoru klausula guztiak itzuli behar direla, abusua frogatzen bada

Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen 2013aren aurretik sinatutako hipoteka zutenei bakarrik itzuliko zitzaiela dirua

Zoru Klausulak Stopeko kideak, Donostiako auzitegian, 2015ean. BERRIA
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 17a
15:30
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak berriz ere ebatzi du hipoteketako zoru klausuletan abusua jasan zutenei dirua itzuli behar zaiela. Gaia Luxenburgora iritsi da, Espainiako Auzitegi Gorenak argibideak eskatu ondoren.

Gorenak 2013ko epai batean aitortu zuen zoru klausula batzuk abusuzkoak zirela, baina auzitegiak erabaki zuen epai hori atera zenetik aurrera sinatutako hipotekak zituztenei bakarrik itzuliko zitzaiela dirua, eta betiere aurretik epaileren batek abusua egon zela frogatzen bazuen. Auzibide batzuek zabalik jarraitu dute, eta alde bateko zein besteko ebazpenak egon dira.

Orain, Luxenburgok ebatzi du Gorenak ezin duela abusua denboran mugatu, eta ordaindutako gehiegizko kopuruak itzuli behar direla, hipoteka sinatu zen urtea edozein dela ere. Hala esan zuen 2016an, eta berriro esan du. Kontsumitzaileak babesteko Europako zuzentarauan oinarritu da, eta ebatzi du printzipio prozesal nazionalek ezin dutela zuzentarau horren eraginkortasuna mugatu. Horrekin batera, berriro gogorarazi du estatuek bitarteko egokiak eta eraginkorrak jarri behar dituztela abusuzko klausulen erabilera eteteko.

Banan-banan

Espainiako Estatuko auzitegietara itzuliko da pilota. 2013a baino lehen sinatu eta urte horretara arteko dirua jaso zutenek orduz geroztiko kopuruak ere eskatu ahal izango dituzte, arrazoia eman zien epaiari helegitea jarrita. 2013az geroztiko kaltetuek, berriz, auzitara jo beharko dute, itzulketak ez baitira ofizioz egingo. Eta auzitegiek banan-banan aztertu beharko dute abusua egon zen ala ez, eta, balego, bankuak behartu beharko ditu bezeroek ordaindutako gehiegizko kopuruak itzultzera. Berriz ere epailearen interpretazioa izango da gakoa: haren esku geratzen da egiaztatzea bankuak ondo informatu zuela bezeroa, eta ziurtatu kontsumitzaileak ulertzen zuela hark sinatutakoa eta kontratuko baldintzak negoziatzeko gai izan zela.

Zer dira zoru klausulak?

Mende hasierara egin behar da atzera, higiezinen burbuilaren garaira. Urte haietan, hipoteketan maiz agertzen ziren zoru klausulak. Mailegu horiek interes tasa aldakor bat zuten, eta muga bat: hortik behera ezin zen gehiago merkatu. Hori da zoru klausula. Bezero askok ez zekiten hori sinatu zutela, baina, krisiaren eztandarekin, ohartu ziren Euriborra jaitsi eta beren interes tasek ez zutela gauza bera egiten: ez zitzaiela hipoteka merkatzen. Haietako askok auzitara jo zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an esan zuen zoru klausulak gehiegizkoak zirela, baina, neurri batean, bankuen alde ere egin zuen, ebatzita bezeroek ordaindutako gehiegizko kopuruak ezin zirela atzerako eraginez erreklamatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.