TXIRRINDULARITZA

Alberto Dainesek ezustean irabazi du Italiako Giroan

Italiar gazteak eskarmentu handiko esprinterrei aurrea hartu die azken metroetan. Biniam Girmayk lasterketa utzi behar izan du.

Alberto Dainese, garaipena ospatzen. GIRO DE ITALIA
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko maiatzaren 18a
17:19
Entzun

Ez du erraz ahaztuko gaurko eguna Alberto Dainese gazteak (DMS). Ustekabekoa izan da guztiz haren garaipena, baina azken metroetan izen handiko esprinter petoei gailentzeko ahala izan du. Italiak dagoeneko eskuratu du estreinako garaipena aurtengo Giroan.

Egun lasaia izan dute gaur ziklistek, 203 kilometro ordekan, batere desnibelik gabekoak. Saihetseko haizea erabakigarria izan zitekeela uste bazen ere, azkenean, haizea egon arren, ez du tropela aztoratzerik lortu. Halere, albiste txar batekin hasi da eguna: Biniam Girmay (Intermarche) atzoko irabazleak Giroa utzi behar izan du. Atzo podiumean xanpain botila irekitzen ari zela kortxoak begian jo, eta ospitalera joan behar izan zuen. Medikuen aholkuei kasu eginez, lasterketa uztea erabaki du eritrear gazteak.

Lasterketa hasi bezain pronto, Filippo Taglianik (Androni) eta Luca Rastellik (Bardiani) bakarrik alde egitea erabaki dute, eta etapa erdia ihes eginda pasatu dute, baina tropelak Bolonia inguruan harrapatu ditu. 58ren faltan, De Bondtek jo du saiakera (Alpecin), eta hura helmugatik 1,2 kilometrora irentsi dute. Esprintean, garaipena Demaren eta Gaviriaren artean egongo zela zirudien, baina, bat-batean, Dainese azaldu da atzetik, eta denei aurrea hartu die Paduakoak. Esprinter kolonbiarra loriaren atarian gelditu da, berriro.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Juanpe Lopezek (Trek) dauka oraindik ere maglia arrosa. Mikel Landak eta Pello Bilbaok (Bahrain) ere arazorik gabe egin dute gaurkoa, eta biak ondo kokatuta daude oraindik sailkapenean, hamar txirrindularirik onenen artean.

Bihar, etapa hautsia

Gaurkoaren antzekotasun bat bakarrik dauka biharko egunak: kilometro bat gehiago du biharko etapak. Bestela, oso bestelakoa da ibilbidea, ihesaldirako aproposa. Errepidea gora begira dutela hasiko dute eguna, eta, gainera, hirugarren mailako hiru mendate gainditu beharko dituzte. Azkena, Valico di Trensasco (4,3km, %7,9ra), helmugatik 35 kilometrora. Protagonistek nahi izanez gero, lasterketa mugitzeko nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.