Hilberria

Vangelis musikaria hil da, 'Chariots of Fire' filmaren soinu bandaren egilea

Musikari greziarra musika elektronikoaren aitzindarietako bat izan zen, eta askotariko estiloetako dozenaka lan eman zituen argitara. 79 urterekin hil da.

Vangelis, 2001ean, Atenasen emandako kontzertu baten amaieran. SIMELA PANTZARTZI / EFE
Andoni Imaz.
2022ko maiatzaren 19a
19:44
Entzun

Vangelis konpositore greziarra joan den asteartean hil zen, 79 urterekin, Greziako Gobernuko ordezkariek adierazi dutenez. Frantzian zegoen ospitaleratuta; ez dute zehaztu zeren ondorioz hil den. Zinemaren historiako soinu bandarik ezagunenetako bat egin zuen, 1981ean, Hugh Hudsonen Chariots of Fire filmean.

Evangelos Odysseas Papathanassiou Vangelis 1943an jaio zen, Agrian (Grezia), eta gaztetatik izan zuen musika sortzeko grina: etxeko tresnek egiten zuten soinuarekin esperimentatzen hasi zen, esaten dutenez. Greziako herri musikaren eragina jaso zuen, baita Eliza ortodoxoko kantena ere, baina inoiz ez zuen musika ikasketa ofizialik egin. Horrek «sormena salbatu» ziola esan izan zuen berak.

Zenbait rock taldetan jotzen aritu eta gero, Vangelis Parisera joan zen 25 urterekin, eta, han, sintetizadore elektronikoekin hasi zen musika egiten. Horrela iritsi zen bere soinu bereizgarrira: sailkatzen zaila den giro atmosferiko bat, new agean eta abangoardian kokatu izan dutena.

Artista komertzial bilakatzeko bidetik urruntzea erabakita, Londresen estudio bat prestatu, eta han idatzi zuen Chariots of Fire-ren partitura, 1924ko Olinpiar Jokoetako lasterkari britainiar batzuen garaipenaren istorioari buruzko pelikularako. Musikarik onenaren Oscar saria eman zioten, besteak beste, eta arrakasta handia izan zuen mundu osoan.

Zinemarako beste lan aipagarri batzuk ere egin zituen: Ridley Scotten Blade Runner (1982) eta Costa-Gavrasen Missing (1982) filmen soinu bandak harenak dira, besteak beste. Musikari emankorra izan zen, eta dozenaka disko argitaratu zituen, estilo askotakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.