Enpresaburuak

Urkulluk Zedarriak-en txostenaren «erabilera politikoa» salatu du

Adierazi du alderdi politikoak eta komunikabideak dokumentua erabiltzen ari direla Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. Lehendakaria foroko ordezkariekin bildu da, harremanak normalizatzeko.

Urkullu lehendakaria Zedarriak foroko kideekin, gaur egindako bileran. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 20a
13:09
Entzun

Martxoan, enpresari talde batek Zedarriak foroa sortu zuen, egungo egoera ekonomikoari buruzko kezkak partekatzeko. Ordutik, ekinbide horri kezkaz begiratu diote EAJko agintariek, eta tonua gogortu da azken asteetan. Giroa baretu asmoz, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria taldeko ordezkariekin bildu da ostiral honetan, aurreneko aldiz jendaurrean.

Bileraren ostean ez da agerraldirik egin, baina aurretik, lehendakariak beste nonbaiten jarri du sortutako polemikaren erantzukizuna: alderdi politiko eta komunikabideengan. Ez du zehaztu zein, baina haiei leporatu die Zedarriak-ek apirilean kaleratu zuen lehen txosteneko ondorioen «sasiko erabilera» egitea, euskal erakundeen eta, bereziki, Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. «Argi dago alderdi politikoak dokumentu hori erabiltzen ari direla legebiltzarreko saioetan, eta komunikabide batzuk ere bai, iritzi artikuluetan eta editorialetan».

Zedarriak foroa arlo sozioekonomikoko hamalau pertsona ezagunek aurkeztu zuten. Besteak beste, honako hauek: Anton Pradera CIE Automotiveko presidentea; Ignacio Martin Repsol, Indra eta Acerinoxeko kontseilaria; Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidentea; Cristina Garmendia Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministro ohia; eta Pedro Luis Uriarte Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoa. Aurreneko hirurak izan dira gaurko bileran.

Asteotako eztabaiden iturri nagusia apirileko txostena izan da. Azterketaren ondorio nagusia da «Euskadiko ekonomiak» pisua galdu duela «Espainian eta Europako eskualde dinamikoenetan». Foroko kideak kezkatuta azaldu dira, halaber, enpresen erabakiguneen deslokalizaziorako joeragatik, eta agintari politikoen erantzukizuna ere aipatu dute; uste dute «aurrerapen ekonomikoa eta aberastasunaren sorrera» izan behar direla haien «diskurtsoen eta lehentasunen ardatzak».

«Ez da ezer gertatu»

Jeltzaleek ez dute inoiz zuzenean jo txostenaren egileen aurka, baina agertu dute ez dituztela atsegin hor azaltzen diren ondorioak. Enpresaburuen artean denetarik egon da: Confebask patronaleko presidente Eduardo Zubiaurrek adierazi zuen diagnostikoarekin bat zetorrela. Cebek Bizkaiko patronala, berriz, txosteneko ondorioetatik urrundu zen. Foroko kideen artean ere egon dira desadostasunak. Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak taldea utzi zuen, txostenaz egiten ari den «erabilera» ikusita. Elena Zarraga LKS Next aholkularitzako buruak erabaki bera hartu zuen.

Urkulluk azaldu duenez, atzoko bilera Zedarriak-ek eskatu zuen, eta aurretik ere elkartu direla jakinarazi zuen, «erabateko normaltasun giroan, eta haien kezkak kontuan hartuta». Urkulluren arabera, asmoa zen Zedarriak-en iritziak eta Jaurlaritzaren lana alderatzea, «adierazle ebaluagarrietan oinarrituta». Ez du baloratu nahi izan txostenaren edukia, metodologia eta diagnostikoa baloratu, baina azpimarratu duaurrera begira haiekin elkarlanean aritzeko borondatea duela. «Ez da ezer anormalik gertatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.