Kooperatibismoa

Konfekoop: «Ulertezina da kooperatibak Lanbiden ez egotea; lan mundua aldatzen ari da»

Kooperatiben konfederazioen ustez, Lan Sailak ez du erabateko borondatea haiek Lanbideren administrazio kontseiluan sar daitezen. Iaz beste 91 kooperatiba sartu ziren elkartean.

Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria eta Rosa Lavin presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 20a
13:48
Entzun

Konfekoop kooperatiben elkarteak Lanbideren administrazio kontseiluan sartzeko bere eskaera historikoa behingoagatik bete dadin eskatu du. Hamar urte daramatza zuzendaritza organoan leku bat merezi duela aldarrikatzen, eta hori lortzea aurtengorako helburu nagusien artean sartu du. Euskal Enplegu Zerbitzuaren Legearen aurreproiektuaren tramitea hasiko da aurki, eta «garai egokia» dela iritzi dio, eta Lanbiden ez egoteak «egonezina» sortzen duela sektorean. Konfekoopen, dena den, zuhurtziaz mintzo dira gaiaz, ez baitiote borondate garbirik ikusten Lan Sailari. Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria oso grafikoa izan da: «Kili-kolo dago gaia».

Konfekoopek iazko balantzearen aurkezpenean berretsi du bere eskaera. Aurten tonua gogortu du, eta Nublak zehaztu du Confebaski eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzen dietela mezua: «Presio egin behar dugu. Lanbide moldatu behar dute, eta beste lehentasun batzuk dituzte. Estutu ezean, gure eskaera bigarren mailan geldituko da». Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea ere zorrotz mintzatu da: «Borondate politiko afera da. Hamar urtez sartzeko eskatzen egon ondoren, ezin dugu esan baikorrak garenik. Gure oinarrien artean egonezina eta nekea nagusi dira».

Izan ere, haien ustetan, «ulertezina» da kooperatiben iritzia kontuan hartua ez izatea Lanbiden: «Lan merkatua aldatzen ari da, eta gure esperientzia oso baliotsua izan daiteke». Nublak gaineratu du bere eskaera berresten duten txosten juridiko asko dituztela eta Iñigo Urkullu lehendakariak konpromisoa adierazi ziela. Hala ere, berriz ere bilduko dira gobernuarekin eskaera berresteko. Lanbide berritzeko eztabaida abendu inguruan iritsiko da Legebiltzarrera, eta maiatzean egingo dira lehen emendakinak. Lanbideren zuzendaritza administrazio kontseiluak hiru hanka ditu: Jaurlaritza, sindikatuak eta patronala. Azken horretan Confebask dago, eta Konfekoopek haren alboan nahi du eserlekua.

Kooperatibek, izan ere, 57.152 langile dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko abendu amaierako datua da, eta 2020koa baino %2 txikiagoa. Nublak, baina, jaitsieraren zergatia azaldu du: «2019tik 2020ra %7 igo genuen langile kopurua, eta pandemiaren ondoren eginiko doikuntza bat da. Kontsumo kooperatibak funtsezko jarduera izendatu zituzten pandemian, eta askok lantaldea indartu behar izan zuten. Ondoren langile kopurua egokitu egin behar izan zuten». Salbuespen egoera batean kokatu beharreko datu bat da, eta aurten enplegu kopurua handituko dutela uste dute: «%2 inguru», iragarri du Lavinek.

91 kooperatiba gehiago
Konfederazioko kide diren kooperatiba kopuruak, aldiz, gora egin du. Iazko urte amaieran 1.350 ziren guztira, 2020an baino 91 gehiago –149k eman zuten izena iaz, eta 58 desegin ziren–. Alde horretatik, lan elkartukoak dira gehiengo handi bat (1.174), eta ondoren doaz irakaskuntzakoak (89). Kontsumokoak, aldiz, hamabi baino ez dira, baina 11.000 langile dituzte, Eroskiren eraginarengatik batez ere. Aurtengo helburua 1.450 enpresa izatera iristea da, eta, Lavinek aurreratu duenez, bide onetik doaz. Apirilera arte 40 kooperatiba berrik eman dute izena elkartean.

Kooperatiba berri gehienak txikiak dira --bi pertsona aski dira kooperatiba osatzeko--, eta zerbitzuen sektorean dihardute ia guztiak. Normalean 35 eta 45 urte arteko pertsonek osatzen dituzte eta ez da haien lehen esperientzia lan munduan. «Lehen ohikoa zen, esaterako, igeltseroek-eta kooperatibak sortzea. Orain, aldiz, arkitektoek edo diseinatzaileek eratzen dituzte. Ohikoa da, esaterako, ekonomialariak eta abokatuak elkartzea eta gestoria kooperatiba bezala muntatzea», aletu du Lavinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.