Mercabilbao

Ortuellara joateak ez ditu denak poztu

MercaBilbao Ortuellara eroango dute 2027an. Handizkariek uste dute aukera berriak sortuko zaizkiela, Basaurin leku falta izan dutela iritzita. Erosleak, berriz, kexu dira, merkatua "urrundu" egingo zaielako.

Arrain salmenta, Mercabilbaon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2022ko maiatzaren 20a
15:27
Entzun

Joan den astean eman zuen berria Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak: Ezkerraldea-Meatzaldea parke teknologikora joango da MercaBilbao 2027an; Ortuellako Urioste auzoan egongo den Euskadiko Elikadura Campusean izango du egoitza berria. Duela 51 urtetik egon da Basaurin. Campus berri horrek 50 hektarea izango ditu —13,5 ditu Basaurin—, eta beharrizanen arabera handitzeko aukera izango du. MercaBilbaok eta inguruan izango dituen beste enpresek 2.000 lanpostu sortuko dituzte.

Oro har, MercaBilbaoko enpresariek pozik hartu dute berria. “Aspalditik ibili dira leku berria bilatzen, hau oso txiki geratu zelako. 51 urtean asko aldatu da lan egiteko modua, eta garai berrietara egokitzeko premia handia dago. Adibidez, hasierako kamioien tamaina eta oraingoa ezin dira alderatu: gaur egun askoz handiagoak dira”, esan du Ortiz Ciges SM enpresako Ruperto Ortiz Cigesek. Frutak eta barazkiak saltzen dituzte.

Viuda y Hermanos de N. Rodriguez SA enpresako Gorka Moreno ere “oso baikor” dago; fruta arloko handizkarien presidentea ere bada. “Mesede egingo digu enpresoi eta gure bezeroei. MercaBilbaon arintasuna eta zolitasuna behar dira, eta, espazio handiagoarekin, hori lortuko dugu”, esan du. Leku gehiago edukita euren negozioak handitzeko aukera izango dutela uste du, egoera berrira egokitzekoa. “Basaurin eredu zaharrei lotuta egon gara ezinbestean”.

Ortuellan aukeratu duten lekuari “egoki” deritzote biek, A-8 autobide ondoan, Bilbo hegoaldeko saihesbideari lotuta eta Bilboko portutik oso gertu egongo delako. Crespok ez du uste bera hara joango denik; ordurako erretiroa hartuta egoteko esperantza du. Hala ere, zalantza egin du gaur egun Basaurin dauden enpresa guztiek Ortuellan jarraituko duten: “Egin kontu hara joateak sekulako inbertsioa eskatuko duela, eta, seguruenik, denak ez dira gai izango horri aurre egiteko. Posible da ixtekotan diren enpresa askok hau aprobetxatzea negozioa uzteko”.

Azken urteetan MercaBilbao salmenta markak hausten dabilen arren, Crespok esan du sektorearentzat ez direla garai errazak: “Ohartuko zinen elikagai dendak, fruta denda eta arrandegiak zarratzen ari direla. Gaur egun, dena da supermerkatua, eta horiek euren hornidura sareak dituzte. Eragin zuzena du gugan”.

Bezeroen artean, ostera, zuhurtziaz hartu dute berria. Arrain eta itsaskien arloko txikizkarien elkarteko buru Jose Feijook esan du aldaketa ez duela eragin leku faltak, Basaurin postu batzuk hutsik daude eta. Gaitzetsi du merkatua Bizkaiaren bihotzetik bazter batera joango dela, eta irizten dio horrek kalte egingo diela urrutien dauden eskualdeetako dendariei. “Ezkerraldekoei mesede egingo die, baina Durangaldekoek, esaterako, ordubete beharko dute hara joateko, eta arrain saltzaileentzat, goizetan, denbora asko da ordubete”.

Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbo —harena da MercaBilbao— eta Ortuellako udalek eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bultzatutako proiektu bat da. Alkate biak oso pozik agertu dira; batez ere, Ortuellakoa: Saulo Nebreda. Esan du campus berriak eurenera “kalitatezko enplegua eta aberastasuna” eroango dituela. Azaldu du aurretik lan egin beharko duela udalak, bizilagun berriei bidea irekitzeko: “Hirigintza plangintza aldatu beharko dugu, lurzoruaren tipologia jarduera berrira egokitzeko”.

Basaurin, lekuko bila

Basaurin, ordea, igarriko dute MercaBilbaoren falta. Urtero, zerga bidez, 300.000 euro jasotzen ditu udalak, eta hirurehun basauriarrek egiten dute behar handizkako merkatu horretan. Asier Iragorri alkateak dio aldaketak ez duela enplegu galerarik eragingo: “Lanean jarraituko dute, baina oraingo lekuan ibili beharrean, hogei minutura dagoen beste batean”. Basaurin bizi diren langileek kilometrajea ordaintzeko eskatu dute. Alkateak esan du Basauriko Udalak ez duela galera moduan ikusten aldaketa. “Lau urte ditugu orube horretan lanean hasiko den beste enpresa bat lortzeko. Lanean ari gara lekukoa hartuko dion jarduera ekonomiko bat bilatzeko”.

Basauriko EH Bildu, ordea, ez dago baikor. “Dakigun bakarra da, oraingoz, hirurogei enpresa inguruk Basauritik alde egingo dutela, horrek dakarren guztiarekin. Lursail horiek erabiltzeko planik ere ez dago”, ohartarazi du, ohar bidez. “Gardentasun falta” egotzi diete erakunde publikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.