Euskara

Ikuspegi eta kideak gaztetu nahian

Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu dute, gazteen artean gero eta urriagoa delakoan euskararen aldeko "borroka antolatua". Diote euskararen aldeko lanak denen beharra duela oraindik, herririk euskaldunenetan ere "hautu politiko bat" egin behar baita. Gaur manifestazioa egingo dute, Donostian.

Ekimena aurkeztu zuteneko agerraldia. MAIALEN ANDRES, FOKU
Miren Garate.
2022ko maiatzaren 20a
15:37
Entzun

Euskararen urtea izango dela esan izan da 2022ari buruz; besteak beste, igaro berria den Korrikagatik eta urte amaieran izango den Euskaraldiagatik. Alabaina, Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek badute kezka bat, iruditzen baitzaie gazteen artean “euskararen aldeko borroka antolatua” gero eta urriagoa dela. Horri aurre egin nahian sortu dute sarea, eta helburutzat jarri dituzte euskararen aldeko borrokan gazte ikuspegia txertatzea eta belaunaldi oso bat borroka horretara batzea. Apirilaren 8an aurkeztu zuten beren burua, eta, besteak beste, Euskara Aurrera ekinbidearen eta ekinbide horrek gaurko Donostian antolatutako manifestazioaren sustatzaile dira. 17:30ean hasiko da protesta, Antiguako tuneletik.

Malen Frantsesena oiartzuarra da Gazte Euskaltzaleen Sareko kideetako bat. Azaldu du sarearen jatorrian bi mugarri nagusi egon direla: alde batetik, 2016an Barañainen (Nafarroa) egindako Gazte Eraiki topaketa; bestetik, 2020ko Euskaraldiaren atarian egindako Gaztealdia ariketa praktikoa. Hain zuzen ere, Gaztealdian, Euskal Herriko hainbat txokotako bederatzi gaztek bederatzi egunean euskara hutsez bizitzeko erronkari heldu zioten. “Egitasmo horrek izandako arrastoa eta balorazioa ikusita, argi ikusi genuen euskara gazteen aldetik borrokatzen eta hausnartzen jarraitu behar genuela”.

EHUren Gasteizko campuseko, NUPeko eta EHUren Donostiako Ibaeta campuseko euskara taldeek hauspotu zuten egitasmoa, baina Frantsesenak nabarmendu du edonori dagoela irekita. Gaurko manifestaziora ere “etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak” deitu dituzte. Izan ere, euskararen aldeko borrokak oraindik “denen beharra” duela plazaratu nahi dute. “Euskara politizatu behar dugu; jendeak konturatu behar du euskaraz bizi nahi duen eta ezin duen belaunaldi bat dela gurea”.

Espektatiben zama

Horri lotuta, badute sentipen bat gazteek: leporatzen zaiela ez dituztela bete beren gaineko espektatibak. Hau da, D ereduan ikasteko aukera izan, euskarazko irrati-telebistak eduki eta beste hainbat erraztasun “eman” zaizkien arren, huts egin dutela leporatzen zaiela. “Askotan, zama hori izaten dugu; ematen du ez dugula bete lehengo borrokaren jarraipen hori, baina badakigu ez dela hala”.

Frantsesenak nabarmendu du gaur-gaurkoz oso eremu euskaldunekoak diren herritarrek ere “hautu politiko bat” egin behar izaten dutela, “oso jarrera aktibo, kontziente eta militante bat” behar izaten dela euskaraz edo euskara hutsean bizi ahal izateko. “Formaz aldatu da euskararen gaineko zapalkuntza”.

Aski ezaguna da Joxan Artzeren esaldi bat: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Gazte Euskaltzaleen Sarekoek moldaketa bat egin diote adierazpen horri. Egokiagoa iruditzen zaie beste hau: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez ikasi eta dakitenek erabiltzen ez dutelako bakarrik”.

Alegia, sareko kide Frantsesenak azaldu duenez, hiztunek badute ardura, baina, hizkuntza batek iraun dezan, baliabide material batzuk, baldintza batzuk eta praktikotasuna ere behar ditu. “Behar ditu babes soziala, babes administratiboa, babes legala… Baina euskara guztiz kontrakoa den egoera batean bizi da”. Horren erakusletzat jotzen dute, esate baterako, euskaraz jakin gabe ere Euskal Herrian lasai asko bizi daitekeela jendea.

Indarrak handitu beharra

Euskal Herriko hainbat txokotatik ari dira autobusak antolatzen Donostiako gaurko manifestaziorako; mila herritar baino gehiagoren atxikimendua jaso dute; eta euskalgintzako hamabi eragilek ere babesa eman diote Euskara Aurrera ekinbideari: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Jakinek, Elhuyarrek, Pantailak Euskaraz-ek, Bai Euskarari-k, Maizpide euskaltegiak, Ikastolen Elkarteak, Uemak, AEK-k eta Elkarrek.

Frantsesenaren esanetan, gaurko mobilizazioak euskaltzaleak biderkatzeko eta indartzeko, euskararen aldeko borroka XXI. mendera egokitzeko, eta euskararen aldeko borroka oraindik beharrezkoa dela jabetzeko balio izatea nahi dute. “Euskararen egoerak bultzada bat behar du, eta hori ez dugu lortuko ekitaldi batzuk antolatuz bakarrik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.