Italiako Giroa

Demareren hirugarrena

Frantziako esprinterra izan da azkarrena 13. etapan. Eguneko lau iheslariak 700 metro falta zirela irentsi ditu tropelak. Romain Bardet (DSM) laugarren sailkatuak  lasterketa utzi du, gaixo.

Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 20a
17:44
Entzun

Loriak bakarra izaten du bere lurraldean. Edo bakarra azaltzen da haren esparruan. Irabazlea beti da seguru, hutsik egin gabe. Italiako Giroko hamahirugarren etapan, ohore horren jabe Arnaud Demare (FDF) egin da gaur. Esprintean azkarrena izan delako. Hark zeharkatu du beste inork baino azkarrago Cuneoko helmuga marra, 150 kilometro osatu ondoren. Loriak badu eguneroko maitalea, baina horrek ez du esan nahi beste ziklista loriatsu batzuk ere izan ez direnik eguneko jardunean.

Izan baitira. Lau hauek: Prodhomme (AG2R), Eenkhoorn (Jumbo), Van den Berg (Education First) eta Maestri (Kometa). San Remotik abiatu eta berehala erakutsi diete bizkarra atzekoei, Tagliani (Drone Hopper) ere bertan zela. Gero, baina, ia azkenera arte, laukotea aritu da ihesean. Ematen zuen, ematen zuen... Iritsi behar zuten helmugara. Baina tropelak jan ditu 700 metro falta zirela. Aurretik, Van den Berg saiatu da loriaren maitale bakan izaten, azkeneko kilometroaren barruan, baina ez diote utzi beste hirurek. Segituan utzi ditu atzean tropelak, Maestri izan ezik. Azken saialdia. Zergatik ez. Baina ez. Esprinterrek nahi zuten podiumeko koska gorenean egon, eta ziztu batean jo dute helmugarantz. Iheslariek ez dute irabazi. Baina loriatsuak badira ere, Demarerekin batera.

Sailkapen nagusian, ezustea Romain Bardetek (DSM) eman du, etapa utzi duelako, gaixorik. Laugarrena zen sailkapen nagusian. Orain, postu bat gora egin dute Mikel Landak eta Pello Bilbaok (Bahrain): seigarren eta bederatzigarren dira, hurrenez hurren. Juanpe Lopezek (Trek) segitzen du buru-buruan.

Bihar, 14.etapa. 147 kilometro Santena eta Torinoren artean. Menditsua: helmugatik zortzi kilometrora igoko dute Madallena gaina (2.mailakoa). Aurretik maila bereko beste hiru mendate igoko dituzte, eta 3.mailako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.