Eibar 2-0 Tenerife

Eibarrek ez du huts egin, baina oraindik ez du igoera ziurtatu

Teneriferi irabazi dio bart Ipuruan, baina, Valladolidek ere irabazi egin duenez, azken jardunaldira arte itxaron beharko dute Lehen Mailara itzultzeko. Reala B eta Amorebieta jaitsi egin dira.

Eibarreko jokalariak, atzo, garaipena ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aitor Manterola Garate - Paulo Ostolaza
2022ko maiatzaren 22a
09:10
Entzun

Eibar oraindik ez da Lehen Mailako taldea. Festa prest zuten: bart gauean ospatu nahi zuten igoera armaginek, baina Valladoliden garaipenak eragotzi egin zuen hori. Eibarrek, behintzat, egin zituen etxeko lanak: Teneriferi irabazi zion Ipuruan (2-0). Jardunaldi bat falta da liga amaitzeko, eta hiru talderen artean erabakiko da zein igoko diren zuzenean, kanporaketaren beharrik gabe. Almeriak ere atzo zuen igoera lortzeko aukera, baina huts egin zuen etxean Alcorconen aurka (1-1).

Eibar lehen postuan helduko da azken jardunaldira, eta Alcorconen irabaztea komeni zaio matematikak egiten hasteko beharrik ez izateko. Eibarrek 80 puntu ditu, Almeriak ere bai, eta 78 ditu Valladolidek. Armaginek batezbestekoa irabazia dute Almeriarekin, eta galdua Valladolidekin.

Atzo, Teneriferen aurkako neurketan, Ipurua mukuru beteta zegoen. Aspaldiko sarrera onena. Ez zen gutxiagorako. Handia baitzen lor zezaketena: denboraldi bakarra da taldea Lehen Mailatik jaitsi zela, eta, urtebeteren buruan, elitera itzultzea gertu zuen taldeak. Bigarren aldia izango zukeen, duela zortzi urte maiatzak 24 egun zituela lortu baitzuen lehen igoera. Orduan eta orain, entrenatzaile berarekin: Gaizka Garitano Agirre. Gero, Lehen Mailan zazpi denboraldiz egon zen.

Partida hasieratik kontrolatu zuen Eibarrek, eta, lehen zatiaren amaieran zertxobait sufritu zuen arren, nagusitasunez poltsikoratu zituen hiru puntuak. Golegileak Stoichkov eta Chema izan ziren.

Aurtengo denboraldian, EIbar jardunaldi askotan egon da igoerako postuetan (lehen biak zuzenean igotzen dira). Hasi ez zen ondo hasi, taldea eta entrenatzailea ia erabat berria zirelako, baina azkar hartu zion neurria lehiaketari. Lehen itzulia bigarren lekuan bukatu zuen, 11 garaipenekin, sei berdinketarekin, eta soilik lau partida galduta. Orain 80 puntu dauzka, honela lortuta: 23 garaipen eta 11 berdinketa.

Reala B eta Amorebieta jaitsi egin dira

Pozaren ifrentzua Bigarren Mailako beste bi euskal taldeetan dago. Izan ere, mailaz jaitsi dira 1.RFEF-era Reala B eta Amorebieta. Zail zeukaten erronka gainditzea, bost puntu behetik eta aurkarien mende ekin baitzioten jardunaldiari: Malaga eta Sportingen mende. Ezinbestekoa zena ez zuten egin, ordea, hemengoek: biak galtzaile. Gipuzkoarrek 3-2 galdu zuten Huescan, eta bizkaitarrek 5-0 Cartagenan. Aurkarien artean, bietako inork ez zuen irabazi: Sportingek hutsean berdindu zuen Fuenlabradan, eta Malagak galdu etxean, Burgosen aurka (0-1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.