Futbola

Athleticek ez du Europan jokatuko datorren denboraldian

Zuri-gorriak ziren azken jardunaldian zerbait jokoan zuten bakarrak, baina galdu egin dute Sevillan (1-0). Denboraldia porrot banarekin agurtu dute Osasunak, Alavesek eta Realak ere.

Osasunako jokalariak Oier Sanjurjo agurtzen, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 22a
22:27
Entzun

Amaitu da 2021-2022ko denboraldiko Espainiako Liga. Euskal taldeak jokoan ezer gutxi zutela iritsi dira azken jardunaldira, eta helburu argia zuen bakarrak ez du betetzea lortu: Athleticek galdu egin du Sevillan, eta datorren urtean ez du Conference liga jokatuko. Irabazi bazuen ere alferrik izango zen, Vila-realek irabazi egin baitu Camp Noun (0-2).

Gainontzean, erabakita zeuden erabaki beharrekoak: Realak Europarako sailkatzea lortu du, hirugarrenez, eta ospatzeko eguna izan du igandea; Osasunak denboraldi ona egin du, baina, ezer ez zuenez jokoan, azken urteotan garrantzitsuak izan diren futbolariak merezi duten moduan agurtzeko baliatu du azken partida; eta Mendizorrotzan, Alavesek mailari agur esan dio. Kolpea barneratuta, egitasmoari amaiera eman diote. Uztailean hasiko da beste bat.

Sevilla 1-0 Athletic

Athleticek ez du helburua lortu. Zuri-gorriek zortzigarren postuan amaitu dute denboraldia, eta, gutxigatik izan bada ere, ez dute lortu Europan jokatzeko txartela. Erronka ez zen nolanahikoa: Vila-realek baino emaitza hobea lortu behar zuten Marcelinoren mutilek zazpigarren postuan amaitzeko.

Vila-realek bikain egin ditu etxeko lanak Bartzelonari irabazita, baina Athleticek ere ez du bere zatia bete. Hirugarren postua zuen jokoan Sevillak.

Lehen zatian aukerarik argienak etxekoek izan dituzte, baina Athletic izan da gola sartu duena. Epaileak, ordea, baliogabetu egin du Yuriren gola, aurretik baloia eskuarekin ukitu duelako.

Bigarren zatia hasi berritan, berriz, Sevillari utzi diote gol bat baliogabe. Rekikek sareetara bidali du baloia, baina Koundek oztopo egin dio Unai Simoni. Dena den, baliozko gola hamabost minutu geroago sartu dute etxekoek: Rafa Mirrek asmatu du Simonen aurrean. Agur, Europako ametsari.

Reala 1-2 Atletico Madril

Realak ere ezin izan du garaipen batekin agurtu denboraldia. Parean aurkari indartsua zuen, Atletico Madril, eta Espainiako taldeak, gainera, garaipena behar zuen hirugarren postua ziurtatzeko.

Lehen zatian markagailuan aurrea hartzeko parada ezin hobea izan dute txuri-urdinek, baina, atea hutsik zegoela, baloia zutoinera bidali du Rafinhak. Minutu batzuk geroago, beste aukera zoragarri bat ere izan du erdilariak, baina kanpora bidali du hura ere.

Eta gauza jakina da halako aurkarien aurka ezin dela barkatu. Bigarren zatia beste modu batera hasi du Atleticek, eta, abisu pare baten ostean, gol ikusgarria sartu du De Paulek area kanpotik. Ezin izan du ezer egin Remirok. Gutxi geroago sartu du bigarrena Correak, eta bi minuturen faltan, Realaren gola Guridik, Januzajen aldaratze bat baliatuta.

Zelaian gertatutakoaz gain, Bultzadak protesta egin du neurketa jokatu den orduagatik: igandean, gaueko hamarretan.

Osasuna 0-2 Mallorca

Sadarren, Oier Sanjurjo kapitainak ezin izan du garaipen batekin agurtu. Nabaritu egin da bi taldeetako zeinek zuen zerbait jokoan. Bisitarien aulkian, Iruñean oroitzapen bikaina utzi zuen entrenatzaile bat eseri da: Javier Aguirre mexikarra.

Lehen zatia parekatua izan da, baina baloiaren jabetza gehiago izan du Osasunak. Ez dute ezer oparitu gorritxoek. Bigarren zatia hastearekin batera, ordea, Mallorcaren lehen gola iritsi da: jokaldi on baten ostean, baloia Angelek bidali du sareetara.

Orduan estutu du gehien Osasunak, eta izan ditu aukerak. Gaueko unerik gogoangarriena 71. minutuan heldu da, Sanjurjok aulkirako bidea hartu duenean. Txalo zaparrada hunkigarria eskaini diote zaletuek. Osasunaren gol batek bigarren mailara bidaliko zukeen Mallorca, baina haien pozerako bisitariak izan dira hurrengo gola sartu dutenak, 83. minutuan. Agurrak Osasunan, poza bisitarien aulkian.

Alaves 0-1 Cadiz

Antzekoa zen egoera Mendizorrotzan. Alavesek Lehen Mailari agur esan dio, gauza bera egin nahi ez zuen aurkari baten aurka.

Lehen zatia lehiatua izan da, baina gol aukera garbirik ez da izan. Bestelakoa izan da bigarrena: beharrak bultzatuta, aukera mordoxka sortu du Cadizek, eta 75. minutuan heldu zaio saria. Choco Lozanok sartu du Cadizi Lehen Mailan geratzeko bidea eman dion gola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.