Athleticeko hauteskundeak

Bada hirugarren hautagai bat: Jon Uriarte

Aurkeztu egingo dela iragarri du 43 urteko enpresariak, Izan Athletic hautagaitzako buru moduan. Ricardo Barkala eta Iñaki Aretxabaletarekin lehiatuko da presidente izateko.

Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 23a
11:11
Entzun

Hiru dira oraingoz Athleticeko presidente izateko hautagaiak. Jon Uriarte batu zaie Ricardo Barkalari eta Iñaki Aretxabaletari, bart jakinarazi baitu aurkeztu egingo dela. 43 urte dauzka, Bilbokoa da, eta enpresaria da. Izan Athletic izeneko hautagaitzaren buru izango da ekainaren 24ko hauteskundeetan. «Kluba modernizatu nahi dugu, etorkizunari aurre egiteko Athleticen historian, filosofian eta ehun urte baino gehiagoko balioetan oinarrituz».

Denbora luzez aritu omen da egitasmoa gauzatzen, eta orain arte hautagaitza ez iragarri izanaren arrazoiaren berri eman du: «Interesgunea zelaiko lehia izatea nahi genuen, nahiz eta jakitun egon horregatik denbora gutxiago izango dugula abalak jasotzeko eta kanpainarako».

Uriarteren izena Ticketbis enpresaren sorkuntzan azaltzen da, Ander Mitxelena lagunarekin batera. Plataforma bat da, sarrerak berriz saltzeko. Bost urteren buruan sekulako arrakasta lortu zuten: 80 milioi euro baino gehiago fakturatu zuten, eta 450 langile baino gehiago izan zituzten Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako hamalau herrialdetan. Ebay-k 165 milioi euro jarri zituen enpresaren jabe egiteko. Hamarkada bat geroago, All Iron Group konpainiaren buru da, eta inbertsioak egiten dituzte enpresa-sortzaileak finantzatzeko.

Azkenean hiru hautagai badira aurkeztuko direnak, 2007an bakarrik gertatu zena gertatuko da. Orduan ere hiruren arteko lehia izan zen: Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javi Gonzalez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.