Enpresak

Siemensek aitortu du aldaketak egingo dituela Gamesaren lantaldean

Christin Bruch Siemens Energyren kontseilariak esan du bat egitearen helburua «egiturazko optimizazioa» dela. Langileek kezka adierazi dute, eta bilerak eskatu dizkiote Jaurlaritzari eta Madrili.

Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza. ARITZ LOIOLA/FOKU
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 23a
11:17
Entzun

Cristian Bruch Siemens Energyko kontseilari ordezkariak argibide gutxi eman eta galdera asko piztu ditu gaur goizean egindako agerraldi batean. Siemens Energyk atzo iragarri zuen ofizialki Siemens Gamesatik falta zaion zatia erosteko eskaintza publikoa egiteko asmoa. Akzioko 18,05 euro eskainiko ditu, eta orotara 4.000 milioi euro ordaindu Siemens Gamesa burtsatik ateratzeko.

Horrekin Siemens Energyk «ekintza bateratua eta kudeaketa eraginkorragoa» lortzeko asmoa duela esan du Bruchek, helburua «egiturazko optimizazioa» dela. Argi zegoen Alemaniako taldeak zerbait egin nahi zuela Zamudioko taldearekin. Azken bi urteetan ia 2.500 milioi euro galdu ditu Siemens Gamesak, horietatik 780 milioi azken sei hilabeteetan.

«Nire agendan, oraingoz, ez dago egoitza soziala aldatzea», esan du Siemens Energyko buruzagiak. Baina, era berean, egia da Zamudioko zuzendaritza praktikan Madrildik ari zela lanean dagoeneko.

Langileak kezkatuta daude. Siemens Gamesako langile batzordeetako presidente Clara Fernandezek Radio Euskadin adierazi du «erabat kezkatuta» daudela enpleguarekin eta enpresak har dezakeen bidearekin. Siemens Gamesaren egoitza joan egingo dela uste du. Zuzendaritzak igandeko ordu txikietan jakinarazi zien Siemens Energyren erosteko eskaintzaren berri.

Fernandezek argi dauka. «Aurrezteaz eta sinergiez hitz egiten duten aldiro» gero «guraizeak» etorri direla salatu du, eta gogorarazi Siemens Gamesan 1.500 lanpostu kendu direla enpresen bat egitea iragarri zenetik.

Langile batzordeak berehalako bilera nahi du zuzendaritzarekin, operazio honek izan ditzakeen ondorioak argitu diezazkion enpresak. Era berean, langileen ordezkariek Espainiako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere bilerak egin nahi dituzte, eskatzeko presio egin dezatela, enplegurik gal ez dadin.

Clara Fernandezen arabera, langile batzordeak ez du onartuko beharginei ordainaraztea enpresako zuzendaritzaren azken urteetako «kudeaketa txarraren» ondorioak.

Siemens Gamesako langileen ordezkariak, era berean, iragarri du mota guztietako mobilizazioetara deituko dutela euren enpleguen alde.

Enpresa operazioaren beste alde batean, burtsan, azken hilabeteetan erdi prezioan egon dira Siemens Gamesaren akzioak, baina orain aste bat daramate balioa irabazten, erosteko eskaintzaren zurrumurruen ondorioz. Behin operazioa ofizialki iragarri denean eta Siemens Energyk akzioko 18,05 euroko prezioa eskaini duenean, gaur goizean, kotizazioak %6 egin du gora, 17,78 euroraino.

Jaurlaritzaren eskaria

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du enpresen bat egitea albiste ona dela, baldin eta enpleguari eusten bazaio. Operazio horren inguruko informazio argigarria eskatu du, hala ere, zalantzak uxatzeko. Izan ere, uste du Siemens Energyk bere asmoen berri eman ez izanak «ziurgabetasuna» sortu duela, batez ere langileen artean.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Tapiak adierazi du Siemens Gamesak baduela etorkizuna, berriztagarrien sektorea ezinbestekoa delako «arazo energetikoa konpontzeko». Gainera, azaldu du Gamesaren salmenta eta Siemensen sarrera gertatu zirenetik gora egin dutela inguruko beste hornitzaileekin egindako kontratazioak, baita Zamudioko egoitzako langile kopuruak ere.

Tapiak uste du enpresa operazio horrek «oreka» ekarriko duela onshore eta offshore negozioen artean, hau da, lurreko eta itsasoko sorgailu eolikoen negozioen artean. «Badakigu onshore negozioa egoera konplikatuan dagoela, baina ez litzateke ulertuko offshore negozio eredu bakar bat izatea soilik». Hori dela eta, iritzi dio jarduerari eusteko «gaitasunak eta aukerak» badituela Gamesak.

Tapiak azpimarratu du Jaurlaritzak lan egingo duela enpleguari eusteko eta Zamudioko egoitza ez lekualdatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.