Eduki babestua

Zortzigarren alaba!

Aurtengo Araba Euskaraz-ek Argantzun ikastolaren Lehen Hezkuntzako eraikina egiten laguntzeko helburua dauka

Argantzun Ikastola, Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten ari da. ARABA EUSKARAZ
2022ko maiatzaren 23a
14:54
Entzun

Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortu zen, eta gogoz, ilusioz eta lan handia eginez ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten. Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremu batean, Arabaren bihotzean baina Araba ofizialetik kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko.

Argantzun ikastolak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordura arte, etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta, Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikaslera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.

Argantzun Ikastola 2003. urtean sortu zen. ARABA EUSKARAZ

Eta, pixkanaka, aurrera joan dira. Haur Hezkuntzarekin hasi, eta Lehen Hezkuntza ere eskaintzen hasi ziren 2016an. 2019an, berriz, Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batera. Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, 68 ikasle dituzte guztira, eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako baitira eta, horrela, Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango baita.

Urteotan, ezinbestekoak izan dituzte ikastolaren komunitatearen konpromisoa, Euskal Herriko ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere. Hiru Araba Euskaraz antolatu dituzte, eta laugarrena ere antolatzera doaz. Hain zuzen ere, Sagastietan ikastolaren eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskaraz-en ateratzen den etekina.

Argantzun ikastolaren laugarren Araba Euskaraz, ordea, berezia izango da. Izan ere, ez du berak bakarrik antolatuko, Arabako zortzi ikastolen artean ari baitira urte osoko ekitaldiak antolatzen, eta zortziak bat eginik ari dira antolatzen ekainaren 19ko jaia ere. Ospakizun handia ez da Trebiñun egingo, Gasteizen baizik, Olarizu parkean.

Lagundu nahi diguzu Trebiñu euskalduntzen?

- Erosi gure materiala.

- Eskuratu TANTA elkartasun txartelak.

- Bizum bidez ekarpena eginez. Horretarako aplikazioan, Eman izena atalean sartu, eta bertan dagoen bilatzailean “Araba Euskaraz” bilatu.

- Eta zatoz Araba Euskaraz-era! Ekainaren 19an, denok Olarizura!

Zortzi ikastola, zortzi kuadrilla, gu gara zortzigarren alaba!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.