Sanferminak

La Oreja de Van Gogh, Lola Indigo, Camela eta Nogen sanferminetako egitarau ofizialean

Iruñeko Udalak ohi baino egitarau zabalagoa prestatu du Foruen Plazan eta Konpainia plazan. Aipatutakoez gain, han izango dira Ben Yart, La MODA, Ciudad Jara, Doctor Deseo, Fernandocosta eta Ptazeta ere, beste batzuen artean.

Gozategiren kontzertu bat, 2018ko sanferminetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 24a
11:47
Entzun

Enrique Maya Iruñeko alkateak iragarria zuen zer izango zen aurtengo sanferminetako egitarauan: «Dantzaldiak, niri gustatzen zaizkidanak, baina baita gazteentzako gauzak ere». Bada, udalak gaur argitu du zeintzuk diren. Foruen Plazan eta Konpainia plazan egingo diren kontzertuetan, izen handiko hainbat artista izango dira: La Oreja de Van Gogh, Lola Indigo, Camela, La MODA, Ciudad Jara, Doctor Deseo, Fernandocosta, Ptazeta... baita Ben Yart eta Iseo & Dodosound nafarrak ere, besteak beste.

Talde gutxi izango dira Euskal Herrikoak, eta are gutxiago euskara hutsean abestuko dutenak; Foruen Plazan Nogen izango da bakarra.

Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak eta alor horren zuzendari Jorge Urdanozek aurkeztu dute egitaraua. Nabarmendu dute ohiko sanferminetan baino egitarau zabalagoa prestatu dutela, «artistentzat eskari askoko uda bat izango den arren».

Kontzertu handirik ez

Enrique Maia alkateak «Iruñean inoiz ikusi gabeko» kontzertu bat iragarri zuen arren, azkenean ez da horrelakorik izanen. Nafarroa Arenan egitekoa zen, eta «nazioarteko» talde bat ekarri nahi zuen alkateak. Maiatzaren 4an Ser irratian emandako elkarrizketan onartu zuen zaila izanen zela. «Gizarteak, eta batik bat gazteek, animalien tratu txarrei buruz duten iritziagatik, talde batzuek ez dute [sanferminetara] etorri nahi», azaldu zuen. Ez zen arazo bakarra; Maiak esan zuen halako talde bat ekartzea sobera garesti dela.

Garcia-Barberenak onartu du ez dela halako talderik izanen. «Talde oso onak dira, baina, noski, ezin da alderatu Guns N' Rosesen gisako talde batekin; halakorik inoiz ez da etorriko sanferminetako aurrekontuaren bikoitza balio duelako». Barkamena eskatu du ere: «Baliteke batzuen espektatibak bete ez izana; bada, barkatu, ezin izan dugu gehiagorik egin». Kontzertuen egun zehatzak ere jakinarazi dituzte:

Foruen Plazan: uztailaren 6an, Lola Indigo; 7an, Ptazeta eta Ms. Nina; 8an, Iseo & Dodosound eta Doctor Deseo; 9an, Nogen eta Ciudad Jara; 10ean, La Oreja de Van Gogh; 11an, Ben Yart eta Fernandocosta; 12an, La MODA; eta 13an, Camela.

Konpainia Plazan: uztailaren 6an, Nicolette All Stars & Lauer; 7an, Trojan Soundsystem eta Katanga Dub; 8an, Goxua`n Salsa eta Guarimba; 9an, Eliades Ochoa: Star of Buenavista Social Club eta Señora & Sara Goxua; 10ean, Harlem Gospel Travelers feat. Eli Paperboy Reed eta Javi Robles; 11an, Sean Clapis Brooklyn Trio & Antonio Serrano eta Iratxe; 12an, Deborah Carter meets Pamplona Jazz 4t Pedro Iturralde Tribute eta Andrea Santiago; eta 13an David Murray & Marta Sanchez eta Los Acidos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.