Athletic

Marcelinok ez du jarraituko Athleticen

Hamazazpi hilabete egin ditu karguan, eta Superkopa bat irabazi. Azaldu du azken asteetan presidentetzarako hautagaiek ez diotela eman behar duen konfiantza, eta Elizegiren zuzendaritzak jarraitu balu berak ere jarraituko zukeela.

Elizegi eta Marcelino gaur, elkar besarkatuta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 24a
12:38
Entzun

Marcelino Garcia Toralek ez du jarraituko Athletic entrenatzen. Igandeko partidaren ostean eman zituen erabaki horren lehen zantzuak, eta gaur baieztatu du askok espero zutena. Sevillaren aurka galdu eta gero, esan zuen eskerrak eman zizkiela jokalariei, eta haietaz oso harro zegoela. ETBren arabera, horren aurretik, Marcelinok agur esan zien aldagelan.

Gaur, entrenatzailea oso eskertua agertu da zuri-gorrien egungo zuzendaritzarekin eta bereziki jokalariekin: «Hogei urteko ibilbidean entrenatu dudan jokalari multzorik onena izan da», aitortu du. Dena den, esan du Athletic «behin-behinean hemen gauden pertsonen oso gainetik dagoen zerbait» dela, eta asko pentsatu ostean erabaki duela «pauso bat albo batera emateko garaia» dela: «Harro gaude Athletic entrenatzeko pribilegioa izan dugulako».

Zuzendaritzari, jokalariei, klubeko langileei eta zaleei eskerrak eman ostean, tonua aldatu eta azaldu du zergatik erabaki duen ez jarraitzea: «Azken asteetan klubak ez dit behar dudan konfiantza eman» esan du, presidente izateko hautagaiei zuzenduz. «Ez didate epe ertain eta luzera proiektu bat eraikitzeko behar dudana eman». Horregatik, adierazi du asmatu zuela kontratua ez berritzean, Aitor Elizegiren zuzendaritzak hainbat aldiz eskaini zion arren. Argi utzi du: «Zuzendaritza honek jarraituko bazuen, guk ere jarraituko genuen». Gehitu du, ordea, hautagaiek errespetuz tratatu dutela eta ez dagoela minduta.

Etorkizunari dagokionez, arrakasta opa dio Athletici, eta zalantzarik gabe esan du taldeak hobetzen jarraituko duela. Jokalarien konpromisoa eta egiten duten lana nabarmendu ditu behin eta berriz.

Garaikur bat eta hiru final

Azken hilabeteak arraro samarrak izan dira Athleticentzat: denboraldi oso irregularra egin du taldeak, ez du bete Europan jokatzeko helburua, eta, gainera, klubeko hurrengo presidente izateko hautagaiek beste plan batzuk dituzte zuri-gorrien aulkitxorako. Hala esan du Marcelinok ere. Dena den, goraipatu egin du berak eta bere taldeak Athleticen egin duten lana: «Iritsi eta hamabost egunera Superkopa irabazi genuen Real Madrili eta Bartzelonari irabazita, hiru final jokatu ditugu, eta aurten azken bost urteetako puntu gehien lortu ditugu ligan», nabarmendu du.

Hurrengo presidenteei dagokienez, Ricardo Barkala izan zen hautagaitza aurkeztu zuen lehenengoa, eta, hainbat hedabideren arabera, hark hilabeteak daramatza beste entrenatzaile batzuekin hizketan; besteak beste, Mauricio Pochettino PSGren egungo prestatzailearekin. Iñaki Aretxabaleta hautagaiaren lehen aukera ere ez da Marcelino izan.

Marcelinok urte bat eta bost hilabetez entrenatu du Athletic. Intentsitate handiko hamazazpi hilabete izan dira: bitarte horretan, entrenatzaileak berak aipatu duen moduan, 2021. urteko Espainiako Superkopa irabazi du Athleticek, eta hiru final galdu ditu, Kopako bi eta Superkopako bat.

Hauteskundeen atarian

Marcelinoren erabakian pisu handia izan dute presidentetzarako hauteskundeek. Hiru dira oraingoz hautagaiak: herenegun Jon Uriarte batu zitzaien aurrez aipatutako Barkalari eta Aretxabaletari. Uriartek 43 urte dauzka, Bilbokoa da, eta enpresaria da. Izan Athletic izeneko hautagaitzaren buru izango da ekainaren 24ko hauteskundeetan. «Kluba modernizatu nahi dugu, etorkizunari aurre egiteko Athleticen historian, filosofian eta ehun urte baino gehiagoko balioetan oinarrituz».

Denbora luzez aritu omen da egitasmoa gauzatzen, eta orain arte hautagaitza ez iragarri izanaren arrazoiaren berri eman du: «Interesgunea zelaiko lehia izatea nahi genuen, nahiz eta jakitun egon hori dela-eta denbora gutxiago izango genuela abalak jasotzeko eta kanpaina egiteko».

Hiru hautagai aurkeztuko diren bigarren aldia izango da. Aurreko aldian, 2007an Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javi Gonzalez lehiatu ziren.

Estatutuak ere berritu ditu Athleticek asteburuan. Hautagaitza aurkeztu eta berehala eman zuen Uriartek iritzia: «Eskerrak» eman zizkien proposamena osatu duten pertsonei, eta testua «bikaina» dela gaineratu zuen. Ordu gutxira izan zen batzarra, eta bazkide konpromisarioek onartu egin zituzten estatutu berriak —%69,28k bozkatu zuten alde—. Besteak beste, sufragio unibertsala izango du klubak, osoko biltzarraren bitartez. Organo hori izaten aurreneko kirol kluba da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.