Langile publikoak

Garamendik esan du 'Iceta legea' beteko duela administrazio orokorrean

Aurten 8.764 postu betetzeko deialdia berezia egingo du Jaurlaritzak, behin-behinekoekin bete izan diren plazak egonkortzeko, «eskain zitzakeen guztiak». Administrazio orokorreko postu guztiak aterako dituela dio Garamendi sailburuak.

Oposaketa publiko batzuen azterketa bat, BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 24a
13:45
Entzun

Iceta legea betetzeko atzerako kontua martxan da, eta Eusko Jaurlaritza hasia da bere kalkuluen arabera egin beharreko eskaintza publikoak onartzen. Aurten 8.764 lanpostu publiko eskaintzeko asmoa du, erakunde publikoetan behin-behinekoek bete izan dituzten lanpostuak egonkortzeko xedez. Ez dira ohiko oposizio azterketa bidez esleituko, baizik eta deialdi bereziak izango dira. Bi modutan banatuko dira: merezimenduen bidez eta oposizio arinen bidez.<br />
Olatz Garamendik Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak administrazio orokorreko postuak betetzeko deialdian jarri du arreta. Prozesua amaitzean, sailburuaren arabera, behin-behinekotasun tasa %8tik beherakoa izango da adar horretan. «Eskain ditzakegun plaza guztiak eskainiko ditugu aurten», nabarmendu du Garamendik. Zehaztu du lehen fasean 1.272 postu eskainiko dituztela administrazio orokorrean, eta azterketak irailaren 17an eta 18an izango direla, BECen.

Deialdi horietan, baina, postuen %61 merituen balorazio baten bitartez banatuko dira (esperientzia, tituluak, hizkuntzak...), eta %39, azterketaren arabera. Administrazio orokorrean aurten bete nahi dituzten gainerako postuak, 3.108 plazen kopurura iristeko, abenduaren 31 baino lehen deituko dituzte. Aurten orotara deituko diren 8.764 lanpostu publiko horiek betetzeko gainerako deialdiaren berri aurrerago emango dute. Jaurlaritzaren asmoa da, besteak beste, hezkuntza arloko 3.040 postu ateratzea, eta Osakidetzako 3.723.
Sindikatuek behin baino gehiagotan kritikatu dute kopuru horiekin ez dela beteko legea, erakunde horietan behin-behinean diharduten langileak askoz gehiago direlako. Bi iritzien arteko talka oinarrizko postuen kopuruan dago. ELAk, esaterako, gezurtatu egin du Garamendik esanikoa. Sindikatuaren kalkuluen arabera, deialdi berriaren ondoren behin-behinekotasun tasak %40tik gorakoa izaten jarraituko du. ELAk dio behin-behineko 44.415 langile daudela egun Jaurlaritzaren ardurapean, eta prozesuaren ondoren 33.968 izango direla (%40).

EHU, aldundiak...
Erakunde publiko guztiek egin behar dituzte kontsolidazio prozesuak 2024. urtea baino lehen. Handienetako bat Euskal Herriko Unibertsitateak egingo du. Jakinarazi duenez, 1.148 plaza egonkortuko ditu. Administrazio eta zerbitzu langileak finkatuko ditu. 214 plaza barne promozio bidez ebatziko dira, 818 merezimendu lehiaketa bidez, eta 116 oposizio-lehiaketa bidez. Irakasle-ikertzaileen lan eskaintza publikoa ere egingo du EHUk. Txanda libreko 197 plaza irtengo dira, eta barne promozioko hogei plaza onartu ditu.

Udalak eta aldundiak ere antzeko prozesuetan daude. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, 422 plaza finkatuko ditu: 363 funtzionario eta 59 lan mailakoak. Azken horiek Ogasunean ziharduten jarraitutasunik gabeko langile finkoak dira. Arabako aldundiak, berriz, 424 plaza egonkortuko ditu. 251 Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langileak dira, eta 172 administrazio orokorrekoak. Plaza gehienak (369) merituen arabera esleituko dituzte, eta beste 55ak oposizioak eginda. Bi aldundiek diote prozesu hauen ondoren haien behin-behinekotasun tasa %8tik beherakoa izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.