Gerra Ukrainan

Stoltenbergen esanetan, Putinek «hutsegite handi bat» egin du

NATOko idazkari nagusiak esan du Errusiak ez duela lortu aliantza militarra bere mugetatik aldentzea. Ukrainaren arabera, Errusiaren «operazio militarra» bere faserik «aktiboenean» sartu da. Hungariak larrialdi egoera ezarri du.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, gaur, Munduko Ekonomia Foroan, Davosen, Suitzan. GIAN EHRENZELLER / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 24a
18:33
Entzun

Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainaren inbasioan «hutsegite estrategiko handi bat» egin duela esan du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, Munduko Ekonomia Foroan egindako agerraldian, Davosen, Suitzan. «Putinen helburuetako bat zen NATO Errusiako mugetatik aldentzea, baina, Ukrainari egindako erasoaldiaren ondorioz, justu kontrakoa lortu du». Oroitu du Errusiako agintariak iazko abenduan «ultimatuma» eman ziola aliantza militarrari, eta NATO Europa ekialdetik erretiratzeko eta hedatzea gelditzeko eskatu ziola. «Bada, orain, NATOko kide izateko herrialde gehiago aurkeztea lortu du Putinek», zehaztu du.

Hain zuzen ere, erakundean sartzeko eskaera egin berri duten Finlandiari eta Suediari egin die aipamena Stoltenbergek. «Hau historikoa da», nabarmendu du. Eskandinaviako bi herrialdeek, ordea, Turkia dute oztopo aliantzara atxikitzea abiatzeko prozesuan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak egozten baitie PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta YPG Heriaren Babes Unitateetako kideak babestea. Biak ala biak «terroristak» dira, Erdoganen hitzetan.

Turkiako agintariaren jarrera zein den ikusita, Helsinkik eta Stockholmek ordezkari bana bidali dute Ankarara: Suediako Estatu idazkari Oscar Stenstrom eta Finlandiako haren homologo Jukka Salovaara. Bihar batzartuko dira Turkiako presidentearen eledun Ibrahim Kalinekin eta Atzerri ministrorde Sedat Onalekin, aurrez aurre. Turkiak NATOn sartzeko eskaerei betoa kentzeko baldintzak zein diren aurkeztuko dizkie bi herrialdeetako ordezkariei, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk Israelera egindako bisitan azaldu duenez.

Khersongo errusiazaleen eskaria

Gerra frontean, Ukrainako Defentsa Ministerioak ohartarazi duenez, Errusiaren «operazio militarra» bere faserik «aktiboenean» sartu da. Hain zuzen, Errusiako armada gogor erasotzen ari zaie Donbass eskualdeko Severodonetsk eta Lisitxansk hiriei, Luhansk oblastaren erabateko kontrola lortzeko xedez. Halaber, Kievek gogorarazi du Errusiako soldaduek ez diotela uko egin Iparraldeko Donets ibaia zeharkatzeari, hil honen hasieran egindako lehen saiakeran porrot egin ostean. Donets ibaia Don ibaiaren adar nagusi bat da, hego-mendebaldeko Errusia eta ekialdeko Ukraina zeharkatzen dituena; 1.053 kilometro luze da. Martxo amaieratik Errusiaren kontrolpean dagoen Kherson eskualdean, berriz, agintari errusiazaleek Kremlini eskatu diote base militar bat jartzeko.

Duela astebetetik Moskuren agindupean dagoen Mariupol hirian (Donetsk oblasta), bestalde, bertako alkatearen aholkulari Petro Andriuxtxenkok salatu du ia berrehun gorpu aurkitu dituztela hondakinen azpian, portuko sotoetako batean. Bitartean, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik adierazi duenez, Kievek prest jarraitzen du Moskurekin presoak trukatzeko.

Hungariako Gobernuak, bestalde, larrialdi egoera ezarri berri du herrialdean, Ukrainako gerraren ondorioz, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Facebooken argitaratutako bideo baten bidez jakinarazi duenez. «Mundua krisi ekonomikotik gertu dago», ohartarazi du. Ordu gutxiren buruan, Fideszek, Orbanen alderdi ultrakontserbadoreak, Hungariako Konstituzioaren hamargarren erreforma onartu du parlamentuan, ondoko herrialde batean gerra edo krisi humanitarioa gertatuz gero larrialdi egoera ezartzeko. Horiek horrela, gobernuak boterea dauka neurriak azkar onartzeko, dekretu bidez.

Orbanek ziurtatu du larrialdi egoera ezartzeko helburua dela «Hungariako segurtasun interes nazionalak babestea»: «Gerratik kanpo egongo garela ziurtatzeko eta Hungariako familiak babesteko, gobernuak berehala erabakiak hartu behar ditu, eta berehalako ekintzarako prest egon behar du», esan du. Lehen neurriak asteazken honetan jakinaraziko dituztela iragarri du.

Hungariako agintariak laugarren aldiz jarraian irabazi zituen hauteskundeak apirilaren 3an, eta larrialdi egoera bi aldiz ezarri du aurretik: lehena, migrazioaren ondorioz; eta bigarrena, koronabirusaren pandemiaren garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.