LIVERPOOL 0-1 REAL MADRIL

Real Madrilek irabazi du Txapeldunen Liga

Espainiako taldeak Liverpool hartu du mendean Parisen, finalean, eta hamalaugarrenez gailendu da Europako kluben arteko lehiaketa nagusian. Viniciusek sartu du partidako gol bakarra, 59. minutuan.

Vinicius eta Benzema, brasildarrak sartutako gola ospatzen, partidako bakarra. YOAN LAVAT / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 28a
23:38
Entzun

Deitu zortea, deitu kalitatea, baina agerikoa da Real Madrilek harreman oso berezia duela Txapeldunen Ligarekin. Oso berezia izan behar du derrigorrez harremanak, talde batek lehiaketa berbera hamalau aldiz irabaz dezan, inork baino gehiagotan; hurrengoak halako bi. Bata bestearentzako eginak daude Txapeldunen Liga eta Real Madril.

Harreman berezi horrek goia jo du denboraldi honetan. Direnak eta ez direnak sufrituta iritsi zen Carlo Ancelottik zuzendutako taldea finalera. Kinka larrian egon zen kanporaketa guztietan, batez ere azken bietan. Mirariz sailkatu zen, azken hatsean luzapena behartuta, eta horretan nagusituta.

Baina azkenerako utzi du onena, gaurko, Parisko finalerako, Liverpoolen aurkako finalerako. Oraingoan, ez du azken orduko mirari baten beharrik izan, baina gogotik sufritu du berriro, eta sufrimenduak saria izan du berriro. 0-1 irabazi du, eta hamalaugarrenez nagusitu da Txapeldunen Ligan, bosgarrenez azken bederatzi ekitaldietan.

Finala irabazita, beste muturreko bat eman dio Real Madrilek Ingalaterrako futbolari. Sasoi honetan, Premier Leagueren borrero izan da. Herrialde horretako hiru talde hartu ditu mendean: Chelsea, azken txapelduna, final-zortzirenetan; Manchester City, finalerdietan; eta Liverpool, finalean. Diruz askoz gehiago da Ingalaterrako Liga, baina oraingoan inbertsioa ez zaio errentagarri atera.

Baten loria, bestearen porrota. Liverpoolek ezin izan du mendekua hartu. Real Madrilek finala irabazi zion duela lau urte, Kieven. Urtebete geroago seigarrenez Txapeldunen Liga irabazi izanak ez zuen Ingalaterrako taldearen mendeku gosea ase. Gaur ase nahi zuen. Baina alferrik. Esku hutsik geratu da berriro.

36 minutuko atzerapena

Berandu hasi da finala, 36 minutu beranduago, estadioaren sarreretan Liverpooleko ehunka zale pilatu baitira, sartu ezinda. Baina ustekabeko itxaronaldiak ez du eraginik izan, eta adi zelairatu dira bi taldeak. Berehala geratu dira agerian bakoitzaren asmoak: Liverpoolek bizi jokatu nahi zuen, eta Real Madrilek, patxadaz.

Presio eginez, ingelesak gailendu dira hasieratik, eta lehen hogei minutuetan lau gol aukera izan dituzte. Manek izan du argiena: urrutitik jaurti du, Courtoisek kostata urrundu du baloia, eta jarraian, baloiak zutoina jo du.

Baina sufritzen jakinda, eta baloia oinetan izanda lortu dute espainiarrek ingelesen sua apaltzea. Horri esker, lehen aldiz hasi dira iristen arriskuarekin Allisonen ingurura. 43. minutuan, Benzemak gola sartu du jokaldi nahasi batean, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo zegoela iritzita. VAR-ak aztertu egin du, eta arrazoia eman dio epaileari. Hutsean amaitu da lehen zatia. Nagusi izan da Liverpool hasieran, baina, minutuek aurrera egin ahala, indarrak parekatu ditu Real Madrilek.

Nor baino nor gehiago ekin diote bi taldeek bigarren zatiari, baina lehen zatian egin bezala, presioari esker, pixkanaka, Liverpool nagusitzen hasi da. Baina kolpea emateko prestatzen ari zela zirudienean, kolpea eman dio Real Madrilek. Valverdek erdiratu egin du eskuinetik, eta Viniciusek bikain errematatu du area txikian. 0-1. 59. minutua zen. Espainiarrei aldeko jarri zaie finala, eta ingelesei zail. Saiatu beharra zuten, eta saiatu dira. Baina alferrik. Ezin izan dute Courtoisen atea zulatu. Ikusgarri aritu da atezain flandiarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.