Ezkurdia 7-22 Laso

Unai Laso buruz buruko txapeldun, nagusitasunez

Bizkarreta-Gerendiaingoak hasieratik amaieraraino izan du neurketa kontrolpean, eta ez dio aukerarik eman Ezkurdiari. 

Laso, finala irabazi ondotik. IDOIA ZABALETA, FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 29a
19:14
Entzun

Urdina gorritu egin da. Unai Laso da buruz buruko txapeldun berria, finalean Joseba Ezkurdia menderatuta (22-7). Bizkarreta-Gerendiaingoak irabazi egin du buruz buruko finalean aritu den estreinako aldian. Guztira, hirugarren saialdian lortu du txapela janztea. Aurrez, binakakoan eta lau eta erdikoan esku hutsik geratu zen.

Ikusi gehiago:Horrela egin du BERRIAk zuzeneko kontakizuna

Oraingoan, azkar eta ondo egin ditu lanak. Baikoko pilotaria nagusitasun handiz gailendu da Nafarroa Arenan; Iruñean jokatutako lehen finalean bildu diren 3.000 zaleek bertatik bertara hauteman dute aurrelariaren maila ona.

Lehen tantoak orekatuak izan dira, baina bizpahiru kateatu orduko bere legea ezarri du Lasok. Abantaila hartu duenetik, segida-segidan egin du garaipenerako bidea, Ezkurdiari tarterik txikiena ere utzi gabe. Izugarri estutu du arbizuarra, kontrarioa lotzeraino.

Lasok, alde edo moldez, baina tantoak bata bestearen atzetik kateatu ditu sakeaz jabetu orduko. Dena den, abantaila kudeatu baino nahiago izan du erasoan jardun. Ahal fisiko ikaragarria erakutsi du, eta hori baliatu du irabazteko.

Gantxoak, zabalera jotako pilotak, txokoan utzitakoak… Lasok idatzi du finaleko gidoia, eta Ezkurdiak nola-ahala erantzuten igaro du partida. Behin Lasok abiada hartu duenean, soka ez etetea izan da Aspekoaren lehentasuna, baina ez du lortu.

Hala, neurketa osoan zehar aldea handituz joan da irabazlea: 2-1, 6-1, 12-3, 18-5, 21-5… Laso aurrea hartuta aritu da une oro, eta, azkenerako, erabat etsita amaitu du Ezkurdiak. Neurketako etenaldiek ere ez dute haren aldartea hobetu, eta horren adierazle izan da sakea eskuratu duen bi alditan kale egin izana.

Partida berehala erabaki du Lasok: 21 eta 5eko emaitzarekin, azken sakea atera ondotik, aldeak apur bat murriztu ditu Ezkurdiak, baina ezin izan du gehiago iraun. Gainetik pasatu zaio Bizkarretakoa, eta irauli egin du pilotaren mundua: kontratu profesionalik ez zuen, eta txapeldun da orain, merezimenduz lortutako txapelaren jabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.