Palestina

PANeko lehen ministroak esan du Israelek «marra gorri guztiak» gurutzatu dituela

Jerusalemen Egunean, 50.000 sionistak martxa bat egin dute hiriko auzo musulmanetik pasatuta. 80 palestinar baino gehiago zauritu dituzte liskarretan.

Sionista batzuk Palestinako bandera erre nahian, atzo, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 30a
16:26
Entzun

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Xtayyehren ustetan, Israelek «marra gorri guztiak» gurutzatu ditu atzo Jerusalemgo auzo musulmanean gertaturikoagatik. 50.000 sionista inguruk Banderen Desfilea egin zuten hiri horretan, eta liskarrak eragin zituzten palestinarrekin; horietako 80 baino gehiago zauritu zituzten.

Gobernuaren bilkuraren aurretik, Xtayyehk «eraso» gisa deskribatu du manifestarien jarrera, eta «aldaketa arriskutsu eta garrantzitsutzat» jo du sionistek palestinarrei egindakoa; besteak beste, Jerusalemgo auzo musulmaneko herritarrei eraso egin zieten, eta horien kontrako irain arrazistak egin zituzten. Zehazki, Palestinako Gurutze Gorriak Al-Jazeera telebista kateari azaldu zion gomazko balekin tiro egin zietela, jipoitu egin zituztela eta piper gasa bota zietela.

Gainera, goizean, martxa hasi aurretik, 2.500 bat lagun Meskiten Zelaigunean sartu ziren, Al-Aqsan, eta talkak izan zituzten han zeudenekin; sionistak otoitz egiten hasi ziren, nahiz eta hori egiteko debekua duten eremu horretan. Xeikh Ikrima Sabri meskitako buruak Reuters berri agentziari atzo esan zion eraikinaren inguruan gertaturikoa ez dela «1967tik gertatu».

Israelek Sei Eguneko Gerran (1967) eskuratu zuen hiri horren kontrola, eta sionistek gertakari hori oroitzen dute urtero Jerusalemgo Egunean. Hitzordu gatazkatsua izan da beti, eta horren adibide da iragan urtean gertaturikoa: 300 palestinar zauritu zituzten, eta horrek are gehiago elikatu zuen jada gaiztotuta zegoen giroa —gerora, Hamasek eta Tel Avivek 11 eguneko gatazka armatu bat izan zuten—.

Aurten, Palestinako organizazio politiko islamistak «errepresaliak» hartzeko —suziriak botatzeko— ohartarazpena egina zuen ezer gertatuz gero, baina oraingoz ez du erantzunik eman. Hori bai, taldeak gaur esan du ez dutela «barkatuko» gertaturikoa, eta «une egokian erreakzionatuko» dutela.

Ohar baten bidez, Israelgo lehen ministro Naftali Bennettek atzo esan zuen manifestari «gehienak ospatzera» joan zirela, eta, «tamalez, gutxiengo batek indarkeria erabili» nahi izan zuela «gatazka bat» sortzeko.

Israelgo lehen ministroak berak onespena eman zion martxaren ibilbideari, bide hori egiteak kezka eragin zuen arren Bennett buru duen koalizio gobernuko alderdi batzuen artean; gobernuburuari ibilaldiaren norabidea aldatzeko eskatu zioten, alferrik. «Zin egiten dugu ez ditugula inoiz abandonatuko Jerusalemen eta Israelen batasunak», adierazi zuen Bennettek manifestazio horretaz.

Gaur ere martxak

Gaur ere izan dira martxak Zisjordaniako okupaturiko beste lurralde batzuetan. WAFA agentziaren arabera, «ehunka israeldar» Hawwara eta Urif herrietan manifestatu dira, Nablus hiriaren hegoaldean, baita Hebronen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.