Kontsumo prezioak

Inflazioak %8,1era egin du jauzi eurogunean

Analistek espero baino erritmo biziagoan garestitu dira kontsumo prezioak maiatzean. Diru politika zurruntzeko presioa areagotzen ari zaio Europako Banku Zentralari.

Europako Banku Zentralaren egoitza Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 31
12:02
Entzun

Inflazioa goraka ari da oraindik ere Europan, eta baita euroaren herrialdeetan ere. Martxoan eta apirilean tasa %7,4an gelditu ostean, maiatzean analistek igoera espero zuten euroguneko inflazioarentzat, hiru bat hamarrenekoa edo. Baina kontsumo prezioen indize harmonizatuak aurreikuspenak hautsi ditu, eta jauzi handiagoa egin du: %8,1erainokoa.

Inflazio handiaren erantzule nagusiak energia eta elikagaiak izan dira: energia prezioak %39,2 garestitu dira maiatzean eurogunean, eta elikagaietan, edari alkoholdunetan eta tabakoan, igoera %,7,5ekoa izan da.

Hala ere, bi alor aldakorrenak diren horien prezioak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioa ere uste baino gehiago handitu da: %3,8ra, apirileko %3,5etik.

Euroguneko datuari gehitu behar zaio eremuko herrialde nagusietako inflazio handia ere. Inseek gaur azaldu duenez, bere lehen kalkuluen arabera, Frantzian inflazioak %5,2ko hazkunde tasa izan du maiatzean: 1985. urtetik ikusitako handiena. Igoera esanguratsuak izan dira erregaietan, baina pisu handia hartu dute elikagaiek ere, oro har %4,2 garestituta.

Frantziako datuari bezperako Alemaniako eta Espainiako datu aurreratuak gehitu behar zaizkie. Bi herrialdeetan, inflazioa %8,7an kokatu da maiatzean.

EBZ, miran

Inflazio gero eta handiagoak bere diru politika bizkorrago zurruntzeko presioa areagotzen dio Europako Banku Zentralari, tasa oso urrun baitago bankuaren inflazio helburua den %2tik.

Bankuak jada iragarri zuen estimuluak kentzen hasiko zela, tartean zor erosketak, eta Christine Lagardek jada aipatu du uztaileko bilkuran interes tasak puntu laurden igotzeko aukera —tasak maila negatibotik aterako lirateke horrela—.

Banku zentraleko ekonomisten buru Philip Lanek ere esan berri du uztailean eta irailean puntu laurdeneko igoera bana egitea litzatekeela haien erreferentziazko erritmoa.

Uztailean bertan puntu erdiko tasa igoera bat egitearen eske dabiltzan belatzen mezuentzako erantzun bat da nolabait. Lanen aburuz, estimuluen erretiratzeak «graduala» izan behar du, baina politika zurrunagoen aldekoek neurri bizkorragoak nahi lituzkete.

Ekainaren 9an du hurrengo bilkura EBZko Gobernu Kontseiluak, Amsterdamen. Egun horretan da banku zentrala bere aurreikuspen ekonomikoak eguneratzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.