Etxebizitza

EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du, alokairu soziala sustatzeko

Hiri plangintzan babes publikoko etxebizitza guztien %50 alokairu sozialera bideratzea arautu nahi du.  EH Bilduk bihar eramango du lege proposamena Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara.

Etxebizitza bat alokairuan Donostian. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 1a
11:55
Entzun

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak gaur goizean aurkeztu du alokairu soziala bultzatzea helburu duen lege proposamena. Koalizioak bihar eramango du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, tramiterako onar dezaten, nahiz eta ekinaldiak ez duen aurrera egingo, Jaurlaritzak lege egitasmoaren aurkako iritzia emanda duelako. Egitasmoaren bidez,2006tik indarrean den Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du koalizioak, xede batekin: hiriko planifikazioan legez jasoa egon dadin babes publikoko etxebizitza guztien %50 alokairura bideratzeko betebeharra, baita sustapen pribatuetan ere.

«Etxebizitza larrialdi baten aurrean gaude», ohartarazi du Fernandez de Betoñok gaurko agerraldian. Azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alokairu sozialeko eskaintza «oso murritza» da: gisa horretako 25.000 etxebizitza baino ez daude, parke osoaren %3a baino gutxiago. Aitzitik, alokairu sozialaren eskaerak nabarmen egin du gora azken urteotan: gaur egun Etxebiden izena emanda dauden 60.000 eskatzaileen %80 baino gehiago alokairu sozialeko etxebizitza baten bila dabiltza.

Gogoratu du 2015eko Etxebizitza Legeak administrazioak behartzen dituela babes publikoko etxebizitza guztiak alokairura bideratzera, baina udal eta administrazio askok «zirrikituak» bilatzen dituztela agindu hori saihesteko: «Babes publikoko etxebizitzak egiteko kalifikatuta dauden lursailak sustatzaile pribatuei saltzen dizkiete, eta, horiek alokairura bideratu beharrean, etxebizitzak salmentara bideratzen dituzte». Gasteizko Udalaren kasua azpimarratu du Fernandez de Betoñok:gutxienez sei lursail saldu ditu, eta hamar milioi euro baino gehiago eskuratu ditu, promotore pribatuek babes publikoko 450 etxebizitza eraiki eta saldu ahal izateko. «Gasteizen 9.200 herritarrek izena eman dute Etxebiden alokairu sozial bat eskatzeko, baina, Udalaren datu ofizialen arabera, 90 etxebizitza besterik ez daude libre alokairuaren merkatuan. Eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka ikaragarria da, etxebizitza larrialdia dago, eta Udala areagotzen ari da».

Horiek hala, Etxebizitza Legeari «izkin» ez egiteko bidea proposatu du EH Bilduk lege proposamenean: Lurzoruaren Legea aldatzea. Zehazki, lege horren 16. eta80. artikuluak ordezkatzea eta osatzea proposatu du, horietan arautzen baitira, hurrenez hurren, etxebizitza babestuetarako lurzoruen hirigintza kalifikazioa, eta babes publikoko etxebizitzen estandarrak eta kopuruak.

Jaurlaritza, aurka
Eusko Legebiltzarrak bihar eztabaidatuko du lege proposamena, baina Jaurlaritzako bazkideak aurka azalduko dira argudiatuta lege aldaketa hori justifikatu gabe dagoela. «Etxebideren zerrendan alokairu sozial bat eskatzen ari diren 61.000 pertsona ez da justifikazio nahikoa? Zenbat behar dira? 80.000? 100.000?», galdetu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Gogoratu du, halaber, Madrilen eta Nafarroan proposamen bera ari direla eztabaidatzen etxebizitza legeetan. «Bitxia da PSOEk Madrilen, eta Geroa Baik eta PSNk Nafarroan, guk planteatzen dugun neurri hori ongi ikustea, eta hemen, ordea, Jaurlaritza aurka egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.