Abiadura Handiko Trena

Adjudikatu dituzte AHTaren plataforma eta Gasteizko sarbidea lotzen dituzten lanak

Iruña Oka (Araba) eta Gasteiz artean igarotzen da zatia. Espainiako Gobernuak Construcciones Sanchez Dominguez Sando enpresari adjudikatu dizkio lanak, 27,5 milioi euroan. Urtebetean amaituta egotea aurreikusi dute.

Gorka Urtaran, Ramiro Gonzalez, Raquel Sanchez eta Denis Itxaso, otsailean, trenbidea hiriburuetan sartzeko protokoloen sinaduran. RAUL BOGAJO, FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 1a
14:22
Entzun

Espainiako Gobernuak adjudikatu ditu Iruña Oka (Araba) eta Gasteiz arteko AHT abiadura handiko trenaren lanak. Zehazki, Burgos-Gasteiz abiadura handiko linea Gasteizko sarbidearekin lotzen duen plataforma egiteko lanak adjudikatu dituzte. Construcciones Sanchez Dominguez Sando enpresak egingo ditu obra horiek. Kontratuaren arabera, 27,5 milioi euroko kostua izango dute, eta urtebetean amaituko dira. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak egin du iragarpena, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak konpromiso osoa duela AHTaren obrak bizkortzeko.

Egingo duten plataformaren zatia «zabalera estandarreko trenbide bikoitzerako» diseinatuta dago. Iruña Oka eta Gasteiz udalerrietatik igaroko da, eta 3,6 kilometro inguruko luzera izango du. Iruña Okako udalerrian 320 metroko plataforma eraikiko da, eta Billoda kontzejuaren ekialdean hasiko dira obrak, Zadorra ibaiaren ezkerreko ertzean. Lan horiekin, Burgos-Gasteiz abiadura handiko linea Arabako hiriburutik igarotzen den trenbidearekin lotuko da. Burgos-Gasteiz zatia Gasteizko sarbidearekin lotzeko plataforma egiteko proiektuaren lehenengo fasea 1.302.649,87 euroan esleitu zen, eta «egikaritze fase aurreratuan» dago, Itxasok azaldu duenez.

Bidearen zati bat Zadorra ibaiaren inguruetan urak har ditzakeen eremuetatik igaroko da. Hori dela eta, Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, uholde arriskuari buruzko azterlan zehatza egin da Zadorraren inguruan, eta baita Jundizko linearen eta geltoki intermodalaren gaineko inpaktua neurtzeko beste txosten bat ere. Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, obrak egiten diren bitartean, Ingurumena Zaintzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Planak egingo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.