Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Jaia eta aldarrikapena uztartzeko prest igandean, Bastidan

Bi urtez atzeratu ostean, igande honetan egingo dute 29. Euskal Eskola Publikoaren Jaia Bastidan; ‘Hazitik gora’ du lelo jaialdiak, eta festa eta aldarrikapena uztartzea dute helburu.

2019ko Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Oreretan. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 3a
14:39
Entzun

Hirugarren saiakeran egingo da azkenean Euskal Eskola Publikoaren Jaia, azken bi urteetan ezin izan baitute ospatu osasun larrialdia dela eta. Igande honetan izango da jaialdia, Arabako Errioxan egiten den lehena. Jaiaren aurkezpen ekitaldian eskualde honek «Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat» merezi duela adierazi zuen Lurdes Imazek, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak. Eguraldi ona iragarrita dago iganderako, eta festak hiru urteko etenaldia izan duenez, jende asko gerturatuko dela aurreikusten du Imazek.

Egitaraua, baina, ez da igandera mugatuko, eta larunbatean ere hainbat egiteko egongo dira Bastidan. Arratsaldean umeentzako tailerrak egingo dituzte Udaletxeko plazan, eta herriaz eta bere inguruneaz gehiago ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte.

Jaialdian bost gune egongo dira, herrian sakabanatuta. Lehen gunea eskola eta irakasleen plazan egongo da, eta bertan egingo da festaren irekiera ekitaldia, eta ostean Elikagaien taupadak eta Antzarrekin dantzan antzezlanak antzeztuko dituzte. Udaletxeko plazan kokatuko da bigarren gunea, musikari zuzendua. 12:00etan Ez da kasualitatea bertso musikatuek hartuko dute plaza, eta arratsaldean bi kontzertu egongo dira, Alarma morea eta Karrontzi taldeen eskutik, 16:00 eta 18:00etan, hurrenez hurren.

Mugazabal gunean, hirugarrenean, egingo da haurrei zuzendutako jarduera nagusia, 12:00etan Kuikui ikuskizuna eramango baitute oholtzara Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Etxeko txikienentzako bestelako jarduera eta ikuskizunak egongo dira gune honetan, baita rokodromo bat ere. Toloño gunean puzgarriak egongo dira umeentzat, eta EITBren eskutik beste hainbat jarduera ere egingo dira. Jai plazak, Florida kaleak eta frontoiak osatuko dute Dolare gunea, perkusio tailerrekin, kale antzerkiekin eta hainbat eragileren postuekin. Frontoia izango da bazkarirako gunea.

Aldarrikapenerako eguna

Festa egiteaz gain, igandea aldarrikapenerako ere baliatuko dute. Izan ere, EHIGEko koordinatzaileak dio ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezkoa dela «baliabide ugari izatea». Azpiegitura egokiak izatea eta lantalde egonkor eta konprometitua edukitzea ezinbestekotzat jo ditu, eta hezkuntza sare publiko indartsu bat euskara indartzeko tresna oso garrantzitsua dela nabarmendu du.

Hala ere, Arabako Errioxako eskola publikoetan lan oso ona egiten ari direla onartu du Imazek, eta festak sare publikoaren irudia indartzen lagunduko duela ere gehitu du: «Jendeak ikusiko du kalitatezko hezkuntza eskaintzen dela». Izan ere, azken urteetan Arabako Errioxako eskoletan zuzendaritza talde berriak daude jardunean, eta aire freskoarekin etorri dira: «Euskara bultzatzeko eta bestelako gauza batzuei garrantzia emateko proiektuak ari dira bultzatzen zuzendaritza berriak. Bestalde, eskolen arteko elkarlana gero eta gehiago ari da sustatzen, eta saretze horrek hezkuntza publikoa indartzea ekarri du», dio Imazek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.