Indarkeria matxista

Sei gizonezko atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Atxilotuetako lau Gasteizen atzeman dituzte; beste biak, Tuteran eta Donostiako Herrera auzoan. Gasteizen izandako erasoetako bat sexu erasoa izan da; emakumezko bati ukituak egin izana leporatuta atzeman dute gizona.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 6a
16:22
Entzun

Indarkeria matxistari loturiko sei atxiloketa izan dira asteburuan Euskal Herrian. Horietako lau Gasteizen izan dira; bi ostiralean, bat larunbatean, eta bat igandean. Beste bi atxiloketei dagokienez, bat Tuteran izan da (Nafarroa), eta Donostiako Herrera auzoan bestea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, larunbatean Gasteizen izandako erasoa sexu erasoa da. Zehazki, udaltzainek 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute karrikan emakume bati ukituak egitea egotzita. Biktimak laguntza eskatu zuen. Polizia hurbildu egin zen, eta, horretaz ohartuta, gizona ihesean joan zen. Handik gutxira hartu zuten atxilo, ordea.

Arabako hiriburuan izandako beste hiru kasuetan, bikotekideei eraso egin izana leporatuta atzeman dituzte gizonezkoak. Atxilotuek 32, 33 eta 48 urte dituzte.

Tuteran eta Donostian

Halaber, Tuterako erasoari dagokionez, Udaltzaingoak atxilotu zuen gizona; 34 urte ditu. Biktimak eman zion abisua Poliziari, telefonoz.

Bestalde, Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean Donostiako Herrera auzoan, emakume bati eraso egiteagatik. Biktima atxilotuaren bikotekidea da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, orduan lanean ari ez zen udaltzain batek ikusi zuen erasoa, karrikan. Gizonezkoa eztabaida bizian ari zen bikotekidearekin, eta eraso egin zion.

Ertzaintza erasoa gertatutako tokira joan zen, eta atxilo eraman zuten gizona. Indarkeria matxista leporatu diote, eta ikerketa abiatu du Poliziak, kasua sakonago aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.