Enplegua

«Lan duina» eta haren kalitatea arautuko du Euskal Enplegu Lege berriak

Enplegu politika aktiboen eskubide subjektiboa aitortuko dio langabeari. Enplegu euskal sarea sortuko du, eta udal enplegu programak behartuko ditu

Emakume bat Lanbidek Bibon duen bulegoetako baten aurretik pasatzen. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko ekainaren 8a
19:20
Entzun

Enplegu Euskal Lege berriak «lan duina» arautuko du eta lan politika aktiboak jasotzeko eskubidea aitortuko die langabeei. Enplegu Sailak prestatu duen lege aurreproiektuaren bi zertzelada dira, eta Idoia Mendia sailburuaren ustez, araua «guztiz berria» da. Hedabideekin izandako bilera batean azaldu duenez, gizarte eragile ugarirekin bildu dira testua egiteko. Atzo hasi zen tramitazioa eta orain hilabete bateko tartea dago helegiteak aurkezteko. Urte amaierarako onartua egotea espero du Mendiak. Hona ezaugarrietako batzuk.

Lan duina: SMI oinarri
«Bidezko diru-sarrera baten truke ekoizpen jarduera jakin bat egiteko aukera ematen duena da lan duina. Eta, aldi berean, eskaini beharko ditu: segurtasuna lantokian, babes soziala, bilakaera pertsonal eta parte hartze aukerak, aukera berdintasuna. Integrazio soziala ere bultzatuko du». Hori da Enplegu Lege Berriak enplegu duinaren inguruan egin duen definizioa. Lanaren Nazioarteko Erakundeak eginikoan oinarritu dira egileak.
Teoriaz harago, SMIak ezarriko du soldata duinaren gutxieneko muga. Era berean, besteak beste, segurtasunean eta prebentzioan eragingo du, eta ez da baztertzen «adin galbaheak» egitea lan jakin batzuetan. Eta nola kontrolatuko da? Enpleguaren kalitatea aztertzeko inspekzio bat sortuko da eta lan ikuskaritzarekin batera jardungo du. Era berean, indarrean jarraituko du lan baldintza kaskarrak salatzeko postontzi anonimoak.

Enplegu politikak, eskubide subjektibo
«Lanbidek prestakuntza, lan orientazioa eta berezko arreta jasotzeko eskubidea bermatu beharko du». Arreta horrek, era berean, «pertsonalizatua, egokia eta jarraitua» izan beharko du. Lege berriaren arabera, lan bila dabilen pertsonak zerbitzu guztiak jasotzeko eskubidea du. Bi hilabeteko tartean langabearen profilaren diagnostikoa eta harentzako enplegu plan bat egin beharko du Lanbidek, eta bertan sartuko dira formazio eskaintzak. Horrekin batera, eta lan merkatuan hobeto gidatzeko asmoz,  bere lan ibilbide osoaren erregistroa egingo da, Osakidetzako mediku historialetan inspiratuta. Langabeak haiei uko egiteko eskubidea du, baina prestazioak galtzeko arriskua du.

Lanbide: Arinago izateko asmoa
Enplegu Sailaren diagnostikoaren arabera, Lanbidek «arinagoa eta malguagoa» izan behar du, eta enpresen konfiantza bereganatu behar du langileak aurkitzeko erreminta eraginkor bezala ikus dezaten. Mendiak ezin izan zuen zehaztu iaz Araban, Bizkaia eta Gipuzkoan eginiko kontratazio guztietatik zenbat egin ziren Lanbideren bitartez. Testuak Lanbideren lan egiteko modua eraldatzea aurreikusten du. Eraldaketa hori bideratuko duen kanpoko enpresa bat kontratatuko dute, «txostena egiten den bitartean Lanbidek bere jardunarekin jarraitu behar duelako».

Euskal enplegu zerbitzuak 1.000 langile eta 43 bulego ditu, eta eraldaketa horretan «bulego bakoitzeraino» iritsi nahi dute. Era berean, Mendiak aipatu zuen RGIaren ardura hartzea «zama» bat izan dela erakundearentzat lanaren ikuspegitik, baina erabaki horrekin «asmatu» egin zutela. Era berean, Lanbide «zuzenbide pribatuko erakunde publiko» izatera itzul dadin nahi du. Lanbiden diharduten langile askok sare publikoko beste lanpostu batzuetara joan dira, eta aldaketak mugimendu horiek eragotziko lituzke.

Enplegu Euskal Sarea
Lege aurreproiektuak enplegu euskal sarearen sorrera iragartzen du. Ahalik eta lan eskaintza gehien bateratuko lituzkeen zerrenda bakar bat izango du. Bertan ez lirateke eskaintza guztiak egongo, enpresak ezin direlako behartu bere lan eskaintza guztiak publiko egitera, ezta aldi baterako lan enpresak ere. Alemanian esaterako,  derrigorrezkoa da. Hori lortzeko eskumena Espainiako Gobernuak izango luke.

Aldiz, erakunde publiko guztiak sare horretan sartu nahi dituzte. Besteak beste, aldundiak eta udalerriak leudeke. Udalerrien kasuan, 20.000 biztanletik gorakoek herri mailako enplegu planak egitera behartuta egongo dira, baita ere 10.000 eta 20.000 biztanle artekoak ere, %10etik gorako langabezia tasa izanez gero­.

Kooperatibak sartzeko modu legalen bila  
RErakunde publikoek eta pribatuek euskal enplegu sarean bat egitea nahi du Lan eta Enplegu Sailak. Lanbideren administrazio kontseiluko sarrera, aldiz, murritzagoa da. Bertan Jaurlaritza, sindikatuak eta patronala daude. Konfekoop kooperatiben elkarteak hamar urte daramatza azken hanka horretako kide izatea eskatzen, Confebasken alboan esertzeko. Mendiak zehaztu du, «legearen barruan dauden formula egokienak» bilatuko dituztela Konfekoop sartuko dela bermatzeko. Sartzen bada, ez da organoko berritasun bakarra izango, LAB sindikatuak ere administrazio kontseilura itzultzeko asmoa baitu, eta hilabete honetan egingo duen batzar nagusian bozkatuko du. CCOO eta UGT dagoeneko bertan daude; ELAk, aldiz,  ez du Lanbiden sartzeko asmorik.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.