Errefuxiatuak

Harrera duina eskatzeko gau osoko kontzentrazioak egin dituzte

Euskal Herriko zazpi hiritan egin dituzte, migratzaile taldeek eta harrera sareek deituta. 'Bizitza duina eta bidezkoa denontzat! Edonon!' dute lelo.

jarraia214425.jpg
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 8a
20:12
Entzun

Elkarretaratze berezi bat egin dute bart Euskal Herriko zazpi hiritan: hainbat lagunek kalean egin dute lo, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuari harrera baliabideak eskatzeko. Izan ere, etorkin askoren errealitatea da kalean lo egin behar izatea, eta, horregatik, gobernuoi galdegin diete migratzen ari diren zein bertan geratzea erabaki duten pertsonen «oinarrizko eskubideak berma» ditzatela, «etxebizitza duinik ez dutenentzat batez ere»: «Premiazkoa da planek baliabide eta aurrekontu nahikoak izatea». Hala, 20:00etatik aurrera mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Barakaldon, Arteagan (Bizkaia), Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean, eta, ondoren, lo zakuak antolatu dituzte, gau osoko elkarretaratzeak egiteko.

Bilbon, adibidez, manifestazio baten bidez hasi dute protesta: Plaza Biribiletik abiatu dira udaletxerantz, eta hainbat geldialdi egin dituzte: hiriburuaren erdigunean salatu dute gizarteak «periferian» nahi dituela migratzaileak, Atzerritarren Bulegoaren alboan «traba burokratikoak» deitoratu dituzte, eta itsasadarrean gogora ekarri dute migratzeko bideetan ez dela segurtasunik. Donostian txalapartaz eta bertsoz goxatu dute giroa; Iruñean, berriz, salda eskaini dute afaltzeko, eta musika emanaldiren bat ere izan dute. 07:00etan hasiko dira gosaria prestatzen.

Pertsona arrazializatuen eta migratuen kolektiboek eta harrera sareek egin dute deialdia; besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Mbolo Moye Dole, Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Basoa eta Agharas taldeak batu dira. Erakundeon arabera, egun bostehun lagun inguru daude etxerik gabe eta erroldatzeko arazoekin, eta, gainera, «Poliziaren jazarpena» jasaten dute, «hain agerian ez dauden beste leku batzuetara joan daitezen lo egitera». Atzerritar legea egin dute egoera horren errudun: «Arrazakeria instituzionalaren adierazpen gorena da, eta milaka pertsonari galarazten die beren bizi proiektuak garatzea». Salatu dute, gainera, Hego Euskal Herriko udalek eta instituzioek ez dutela harrera eta gizarteratze planik, nahiz eta EAEn Migrazioaren aldeko Euskal Ituna sinatua duten eta Nafarroan harrera diagnostikoak egin dituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.