Errefuxiatuak

Gaubeila, «ikusezinak» ikusarazteko

Bilbon, Areatzako aterpean igaro dute gaua 50 lagunek baino gehiagok. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 9a
15:58
Entzun

Ia berrehun pertsonak kalean lo egin dute asteazken gauean, Euskal Herriko zazpi hiritan, migratzaileentzako harrera duina eskatzeko. «Gau okerragoak pasatu izan ditugu, hotz handiagoa egin izan du beste batzuetan», kontatu du gero goizean Bilbon mutil gazte batek. Areatzako aterpean lo egin dute 50 lagunek baino gehiagok, euri langarrak hezetutako giroan, baina elkarrekiko babesaren epelean. Ibilgailuen joan-etorriak esnatu ditu, eta 07:30erako gehienek jasota zituzten lo zakuak, ondo bilduta mantak, eta multzo batean pilatuta kartoizko oheak. Atxuriko Harrera Sareak ekarritako kafea eta opilak gosaldu ahala joan dira solasaldiak askatzen, asmoak irudikatzen eta kezkak azaleratzen. Etorkin gazteenetako batzuek goiz alde egin dute, ikastaroa baitute 08:30ean; beste batzuek, ordea, ez dute nora joan. «Kalean bizitzearen okerrena ez da bertan lo egitea, baizik eta egun osoa ematea ezer egin gabe. Kalean egoten gara, ibili eta ibili, noraezean, ez dugulako beste zereginik».

Gazte horietako askoren errealitatea da kalean lo egin behar izatea, eta horregatik egin dute gaubeila: Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin diete migratzen ari diren zein bertan geratzea erabaki duten pertsonen «oinarrizko eskubideak berma» ditzatela. «Jende gehiegi daukagu kalean bizitzen. Urteak daramatzagu horrela. Instituzio publikoek entzun behar gaituzte», aldarrikatu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek atzo iluntzean, Bilboko mobilizazioa abiatu baino lehen. Bizitza duina eta bidezkoa denontzat! Edonon! lelopean, manifestazioan joan ziren Plaza Biribiletik udaletxerantz, eta bidean hainbat geldialdi egin zituzten, salatzeko gizarteak «ikusezin» nahi dituela etorkinak, eta bankuek zein Atzerritarren Bulegoak «traba burokratikoak» jartzen dizkiela. Mediterraneoan itotakoak ez ezik, Bilbon zendutako gazteak ere gogoan izan zituzten: «Ez dugu nahi beste inor hil dadin edukiontzi batean».

Barakaldon, Arteagan (Bizkaia), Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean ere egin dituzte gau osoko elkarretaratzeak, migratzaileen kolektiboek zein harrera sareek deituta; besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Mbolo Moye Dole, Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Basoa eta Agharas taldeak batu dira. Erakundeon arabera, egun bostehun lagun inguru daude etxerik gabe eta erroldatzeko arazoekin; hala, Hego Euskal Herriko udalei eta gainerako instituzio publikoei aurpegiratu diete harrera eta gizarteratze planik ez edukitzea, nahiz eta EAEn Migrazioaren aldeko Euskal Ituna sinatua duten eta Nafarroan harrera diagnostikoak egin dituzten.

«Oso gogorra da kalea»

«Poliziaren jazarpena» ere gaitzetsi dute protestetan, eta kontrol hori agerian geratu da Bilbon: atzo iluntzean, Udaltzaingoaren sei autok inguratuta hasi ziren ekintzaileak lo zakuak zabaltzen, eta gaur 08:00ak jo aurretik jada kale garbitzaileen makinak agertu dira aterpera. Ohiko jarduna da, gazte multzo batean komentatu dutenez. Gizon gazteak dira denak, Marokotik etorriak, eta Euskal Herrira iritsi aurretik Espainiako hegoaldean ibilitakoak ia guztiak. «Almerian nekazari aritu nintzen: hilabetean hamar egunez-edo lan egiten genuen; justu iristen zitzaigun alokairua ordaintzeko. Hemen, berriz, kalean egon naiz, oso gogorra da: hotz handia egiten du, euria, hezetasuna... Orain aterpetxe batean nago, eta zurgintza ikastaro bat egiten ari naiz; gero praktikak egitea espero dut, lanen bat aurkitu, apurka egonkortu... Ondo, pazientziaz», azaldu du 21 urteko gazte batek.

Antzeko bidea egina du Osmanek ere. 20 urte ditu, eta ia urtebete darama Bilbon; hasieran, Atxuriko saskibaloi pistan lo egiten, eta, azken hilabeteetan, aterpetxe batean. «Lo egiteko lekua izan arren, egunez kalean egon behar dugu, eta horrela ikastea ez da batere erraza. Aterpetxean ere ez dugu ondo atseden hartzen: hogei lagun inguru gaude logelan, zarata handia dago...». Alboan duen laguna, ordea, kalean bizi da oraindik: «16 urterekin heldu nintzen Espainiara, pateran. Adingabeentzako zentro batean egon nintzen, Huelvan, baina 17 urterekin kalean utzi ninduten, adinduna nintzelakoan. Ezin dut lanik egin, ez dudalako paperik; ez daukat etxerik, ohe batek hilean 150 euro balio duelako eta nik ez dudalako dirurik. Hori da nire bizitza: egun batean lagun baten etxean lo egin, hurrengoan kalean, gero hondartzan; egun batean jatekoa duzu, hurrengoan ez, hotz egiten du, herriz herri zoaz... Orain, hemen nago. Lau urte joan zaizkit jada: azkar-azkar pasatu da denbora, eta ez daukat ezer».

Solasaldira batu da Anuar. Zaharragoa da: 33 urte ditu, baina adingabe zela alde egin zuen Marokotik, eta 2003an iritsi zen Bilbora. «Bizi erdia daramat migratzen, eta oraindik ez dut etorkizunik». Etsita azaldu du bi aldiz egotzi dutela jaioterrira, eta, ondorioz, ez duela paperik lortu. «Ez dut inoiz arazorik izan inorekin... Gosea pasatu izan dut, kalean lo egin izan dut, orain logela bat daukat, baina ezingo dut luzaroan ordaindu: gaixo nago, eta ezin dut lanik egin, medikuak hala esanda; zer egingo dut inolako laguntzarik gabe? Kalea dut zain». Legea aldatzeko eskatu du: «Paperak behar ditugu, bizi normal bat eduki ahal izateko: lan egin, kontu bat ireki bankuan, ama bisitatzera joan... Kalea arriskutsua baita. Baina oraingo legeek hil egiten gaituzte».

Hain zuzen, gaubeilaren deitzaileek Atzerritarrei buruzko Espainiako Legeari egotzi dizkiote etorkinen arazoak: «Arrazakeria instituzionalaren adierazpen gorena da: atzerritarrak diskriminatzen ditu, eta milaka pertsonari galarazten die beren bizi proiektuak garatzea». Hala, harrera duina egiteko bitartekoak eskatu dizkiete instituzio publikoei: «Premiazkoa da planek baliabide eta aurrekontu nahikoak izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.