Athletic

Uriartek lortu du berme gehien, eta Aretxabaletak gutxien

Hauteskunde batzordeak ontzat eman ditu Athleticeko presidente izateko hiru hautagaitzak. Jon Uriartek 6.041 berme lortu ditu, Rikardo Barkalak 4.054, eta Iñaki Aretxabaletak 2.987. Hauteskundeak ekainaren 24an egingo dituzte.

ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 9a
19:23
Entzun

Larunbatean aurkeztutako bermeak zenbatu eta balioztatu ostean, Athleticeko presidente izateko hautagai ofizial dira Jon Uriarte, Ricardo Barkala eta Iñaki Aretxabaleta. Hala, abian da Athleticeko presidente izateko hauteskunde kanpaina. Bozak ekainaren 24an egingo dira, eta 40.000 bazkide konpromisariok izango dute bozkatzeko aukera. Uriartek 6.041 berme lortu ditu, Barkalak 4.054, eta Aretxabaletak 2.987.

Hautagaiek asteak daramatzate lehian. Bermeak biltzea izan da lehen egitekoa, eta hirurek gainditu dituzte beharrezkoak ziren 2.100 sinadurak. Horretarako, hasi dira beren proposamenen berri ematen. Baina oso gainetik. Espero da datozen egunetan egingo dutela hori. Kirol zuzendariaren eta entrenatzailearen izenean jarria dago arreta, horrek sortu baitu ikusminik handiena. Baina horren inguruan ez dute ezer zehaztu orain arte.

Behin hautagaitzak ofizial eginda, jakina da zer izen doazen bakoitzean, eta badira hainbat aurpegi ezagun. Iñaki Aretxabaletarenean, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia eta Mario Fernandez Elejalde, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiaren semea. Barkalarenean, Eba Ferreira jokalari ohia eta Javier Aldazabal Josu Urrutiaren zuzendaritzan idazkari izandakoa. Jon Uriarteren kasuan, Jon Ruigomez Itsasmuseoko zuzendaria, Guillermo Ruiz-Longarte Tubacexeko diruzaina eta Garazi Unibaso futbolari ohia doaz zerrendan.

Barkalak hauxe du helburu: «Klub irabazle eta erakargarria izan nahi dugu, eta jokalariak saltzen ez dituena». Klubari «lasaitasuna eta egonkortasuna» eman nahi dizkio. 1955ean jaio zen, Portugaleten (Bizkaia). Ez daki euskaraz, eta Bilboko Portuko presidentea da. Haren asmoa postuan jarraitzea da, Athleticeko presidente izanda ere. EAJko afiliatua da. Bilboko Udaleko zinegotzi izan da zenbait agintalditan.

Uriartek 43 ditu, enpresaria da, Lauro ikastolan ikasi zuen, eta euskaraz dakien bakarra da. Pedro Luis Uriarteren semea da. Ticketbis enpresa sortu zuen, Ander Mitxelena lagunarekin batera. Plataforma bat da, sarrerak berriz saltzeko. Bost urteren buruan sekulako arrakasta lortu zuten: 80 milioi euro baino gehiago fakturatu zuten, eta 450 langile baino gehiago izan zituzten Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako hamalau herrialdetan. «Kluba modernizatu nahi dugu, etorkizunari aurre egiteko Athleticen historian, filosofian eta ehun urte baino gehiagoko balioetan oinarrituz».

Aretxabaleta Vocento taldeko kontseilari delegatua izan da, Bilbon jaioa da, eta 63 urte ditu: «Gure filosofiari esker gara garena. Metodologia berritzaileak behar ditugu kirol arloan haziz joateko. Teknologiaren eta datu baseen laguntzarekin, jokalari hobeak hazi eta hartuko ditugu». Lezamari eman dio balioa: "Lezamak, formakuntzaren arloan, munduarentzat erreferentzia izan beharra dauka. Europan harrobia ondo zaintzen duten hainbat talderi egin diegu bisita, lan nola egiten duten jakiteko. Ligako talde batzuek aurrea hartu digute, eta hori onartezina da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.